1964an Baionan egindako ahaleginen ostean, 1968ko urriaren 3an ezarri ziren euskara batuaren lehen oinarri sendoak, Arantzazun (Oñati). Orduan Euskaltzaindiak egin zuen batzarrean abiatu zen euskara bateratua, euskalkien arteko elkar-ulertze arazoak gainditzeko eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari erantzuteko sortu zena. Bertan finkatu ziren, besteak beste, euskara batuaren lehen arau-multzoak, hizkuntza idatzian erabili beharreko ortografia, morfologia, deklinabidea...
Jakina denez, batuaren abanta ez da erabatekoa izan, baina, hala ere, ukaezina da euskaldunen artean euskara batuaren aldeko adostasun zabala dagoela, ezinbesteko tresna izan baita euskararen aurrerabidean.
Data esanguratsuaren 50. urtemuga baliatuz, Euskaltzaindiak XVII. Biltzarra egingo du Arantzazun, Mendeurreneko ekitaldi akademikoetan bigarrena -guztira bederatzi izango dira-. Nazioarteko biltzarra Arantzazuko Gandiaga Topaketa eta Batzarretarako Zentroan egingo da eta 50 aditu bilduko ditu. Hiru egunez (urriaren 4an, 5ean eta 6an), euskararen indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta etorkizuneko erronkak aztertzen ahaleginduko dira adituak.
Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi du Arantzazukoa biltzar berezia izango dela, eta azpimarratu du euskalgintzako eragile garrantzitsuenek parte hartuko dutela bertan: “Mugarri bat izatea nahiko genuke, euskara bultzatzeko beste aukera bat, eta horretarako gonbidatu ditugu euskalgintzako eragilerik garrantzitsuenak. Euskararen etorkizuna bermatu nahi badugu, elkarrekin jokatu behar dugu, esperientziak trukatu eta elkarlanean aritu”. Akademiak “euskararen etorkizuna” du helburu, eta Urrutiak esan du hori gogoratzera joango direla Arantzazura: “Batuaren 50. urteurrenean, gogotsu eta indartsu gaudela erakutsi nahi dugu, euskal gizartearekin batera eta euskal gizartearentzat lan egiteko gogoz. Eta horren adibide izango dira Arantzazun aurkeztuko ditugun baliabide linguistiko eta teknologiko berriak: Euskara Batuaren Eskuliburua eta Euskaltzaindiaren webgune berria”.