• ‘Istripuz’ jaio zen Donostian, baina bera aretxabaletarra da, gorputz eta arimaz. Kazetari izan nahi zuen baina Filologia hautatu eta hizkuntzalari bihurtu da, lanaren eta urteen poderioz. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2003an eta euskaltzain oso pasa den otsailaren 23an, Roberto González de Viñasprerekin batera. Euskaltzaindian 1992tik sartzen den seigarren emakumea da. Miren Azkarate izan zen lehena.
  • Miriam Urkiak (Aretxabaleta, 1965) ondo ezagutzen du Akademia, Hiztegi Batuko lantaldeko kide baita 1992tik, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduraduna, 2013tik, eta Akademiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. UZEIko Lexikografia Saileko zuzendaria ere bada, 1992tik.

    DSC00563
    (Miriam Urkia eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain emeritua, Sagrario Alemanekin hizketan)

1992ra arte ez zen euskaltzain emakumezkorik egon. Gaur egun euskaltzain osoen %25 zarete. Kopuruak ikusita, gizonezkoen mundua dirudi. Hala da?

Kopuruz gehiago dira gizonezko euskaltzainak, baina ez dut uste haien mundua denik. Ni orain arte bileretara joan izan naizenetan, nire gaiari zegokion atalean bakarrik izan naiz, eta normaltasun osoz parte hartu dut euskaltzainen artean, nahi baduzu ‘euskaltzainen munduan’, baina ez gizonezkoen edo emakumezkoen munduan.

Euskaltzaindian ia 200 urgazle daude, asko eta asko emakumezkoak. Egon badaude, baina ez dira beti agertzen. Agian, ikusgarritasun kontua da?

Ez dakit zenbat urgazle diren emakumezkoak eta zenbat gizonezkoak, baina egon badaude, ondo diozunez. Eta guztiak euskarari egindako ekarpenaren arabera izendatzen direla esango nuke, ez sexuagatik. Ikusgarritasuna norberaren lan-esparruaren araberakoa izango da betiere, ez beste ezergatik.

Hizkuntzalaritzan emakumezkoak gaur egun betetzen duen leku garrantzitsua ikusita, uste duzu Euskararen Akademiak gehiago izan beharko lituzkeela kontuan? Zentzu honetan, zer geratzen zaio Akademiari egiteke?

Hizkuntzalaritzan, literaturan… emakume dezente dago, bai, eta horietako mordoxka batek Euskaltzaindiaren batzordeetan, lantaldeetan, proiektuetan lanean dihardu. Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lantaldean, esaterako, zazpi kide gara, horietatik hiru emakumezkoak. Eta egitasmoan gizonezko bakarra daukagu, beste guztiak emakumezkoak gara. Beraz, Akademiaren inguruan emakumeak egon bagaude, eta ardurak ditugunak ere bai. Normaltasunez ikusi behar da hau. Eta hemendik iritsiko dira euskaltzain osoak ere.

“URGAZLE GUZTIAK EUSKARARI EGINDAKO EKARPENAREN ARABERA IZENDATZEN DIRELA ESANGO NUKE, EZ SEXUAGATIK”

Agian goiz da galdetzeko, baina, euskaltzain emakumezkoen arteko nolabaiteko ‘ahizpatasunik’ sumatu duzu?

Nik euskaltzain oso guztiak ezagutzen nituen aurretik, batzuk gehiago, besteak gutxiago, hainbat bileratan parte hartu behar izan dut-eta. Emakumezkoak ere bai. Miren Azkarate, Ana Toledo eta Lourdes Oñederra irakasle izan nituen unibertsitate-garaian, Miren Azkarate bera tesi-zuzendari. Aurelia Arkotxarekin kolaborazioak ditugu unibertsitatean, eta Sagrario Alemanekin azkenaldian batean eta bestean aritzea egokitu zait. Oso eroso sentitzen naiz guztiekin, baina ‘ahizpatasun’ apartekorik dagoen jakiteko goizegi da, lankide izango gara guztiak, bai gizonezkoak, bai emakumezkoak.

1968ko Arantzazuko argazki ospetsuan gizonezkoak dira nagusi. Horrela irudikatuta, gizonezkoen asmakizuna dirudi batuak.

Gizonezkoek asmatu zuten ala argazkian gizonezkoak bakarrik azaldu ziren? Seguru nago atzean lan ezkutua egin zuten emakumezkoak ere izan zirela. Euskaltzain osoak gizonezkoak bakarrik ziren orduan, baina lanean ez dut uste haiek bakarrik aritu zirenik. Gaur ez litzateke hori gertatuko, baina 50 urte pasatu dira ordutik.

Etorkizun hurbileko Euskaltzaindian irudikatzen duzu emakumezko euskaltzainburu bat?

Dudarik gabe, zergatik ez? Eta ikaragarri poztuko naiz gainera.

Greba egingo duzu gaur?

Geldialdia egingo dut UZEIko lankideekin batera.

DSC00485
(Miriam Urkia euskaltzain osoa, otsailaren 23ko Osoko bilkuran, Iruñean)

“EUSKAL ERABILTZAILEEK LUPAREKIN BEGIRATZEN DITUZTE HIZTEGIKO EMAITZAK”

UZEIko Lexikografia Saileko arduraduna zara, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduraduna. Nola azaldu jende arruntari zer den lexikografia eta zergatik den hain garrantzitsua?

Gizakiok komunikatu beharra daukagu, eta komunikazio horren parte garrantzitsu bat hitzak berak dira, elkar ulertzeko erabiltzen dugu lexikoa. Hori gabe nekez moldatuko ginateke. Eta elkar ulertzea hainbat mailatan egin daiteke: etxekoekin, lagunekin, eskolan, lantokian… Gure kasuan, euskaldun guztientzat eta maila zainduan erabili ahal izatea ahalbidetzen saiatzen gara, euskara batuaren bidez. Eta horri esker bizi gaitezke euskaraz gure bizitzako edozein esparrutan funtzionatu ahal izateko.

Azkenaldian aldaketa garrantzitsuak egin dituzue Euskaltzaindiaren Hiztegian; familia-harremanetako gaurko errealitatera moldatu dira hainbat definizio; arreta berezia jarri zaio genero-berdintasunaren kontuari... Erraz onartu dira Osoko bilkuran? Besterik etorriko da etorkizunean?

Inongo arazorik gabe, normala denez. Gure gizartearen errealitatea islatu dugu hiztegian aldaketa horien bidez, eta Osoko bilkurak normaltasun osoz onartu ditu aldaketok. Gizarte osoak hain erraz onartuko balitu aldaketok, errazagoa izango litzateke elkarbizitza.

Hitzen inguruan lan egiteak, zer erakutsi/eman dizu?

Mundu konplexu bezain liluragarria dela, zehaztasuna asko findu behar dela, eta hitz batetik tiraka hasi orduko mundu berri bat irekitzen dela etengabe. Eta hori guztia estandarizazioa tartean dela egiten duzunean, ardura eta zama ere bai, jende askorentzat ari baitzara lanean, eta euskal erabiltzaileek luparekin begiratzen dituzte hiztegiko emaitzak.

Inportantea da esaten/idazten duguna zaintzea? Hau da, garrantzitsua da hitzak zaintzea? Zergatik?

Dudarik gabe, batez ere esandakoa ezabatzerik ez dagoelako. Kar kar.
Serio jarrita, lanak txukun egin behar direla inork ez du zalantzan jartzen. Mediku baten lanaren zorroztasuna berezkoa da, ezta? Orduan, zergatik jarri behar dugu zalantzan hizkera edo idazkera txukuna? Euskaraz normal bizi nahi badugu, alegia, administrazioa, hezkuntza, lan-mundua eta komunikabideak, besteak beste, hizkera eta idazkera egokia ezinbestekoa izango da. Bestela, beti izango gara bigarren mailakoak.

“EUSKARAZ NORMAL BIZI NAHI BADUGU, HIZKERA ETA IDAZKERA EGOKIA EZINBESTEKOA IZANGO DA. BESTELA, BETI IZANGO GARA BIGARREN MAILAKOAK”

Zuk aspalditik ezagutzen duzu Euskaltzaindia. Ze momentutan ikusten duzu Akademia?

Urte asko egin ditut barruan lanean, baina nire esparruan sartuta. Azken urteotan ikuspegi orokorragoa izateko aukera izan dut eta esan dezaket aldaketa ikusten dudala, onerako. Nik, eta euskalgintzak ere bai. Gauza asko egiten ditu Euskaltzaindiak, lehen ere bai, baina orain ikusgarritasuna dute proiektuek. Informazio asko jarri du sarean gizartearen eskura, sare sozialetan bere lekua egin du, hainbat ikuskizun antolatzen ditu egoitzan, Donostiako Luis Villasante Ikergunean ere bai... hurbiltasuna sumatu dut. Eta datozen hilabeteetan, mendeurrena dela-eta, gauza berriak ikusiko ditugu.
Momentu onean ikusten dut, beraz. Proiektu berri erakargarriak ditu, XXI. mendean bizi da, Akademiak beti atzetik joaten direla esaten den arren. Aurten ikusiko dugu Euskaltzaindia aurrera doala, eta bide onetik, esango nuke.

Aurten Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunak hasiko dira. Zer eskatuko zenioke Akademiari, mende berriari begira?

Hartu duen bideari eusteko, eta jarraitzeko. Mendeurrena erakusleiho ederra izango da Akademiaren jarduna, kezkak eta aurrera begirako asmoak ezagutzeko, teknologia berrietan buru-belarri murgildu dela erakusteko, gauza praktikoak egiten dituela erakusteko... eta Euskal Herri osora iritsiko da. Beraz, herritarren oharrak eta iradokizunak entzuteko eta kontuan hartzeko aukera paregabea izango du Euskaltzaindiak datozen hilabeteetan, eta aukera hori aprobetxatzen asmatu beharko du.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Agenda

Ez dago gertakaririk egun honetan

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Cub 17 Jagon 6 PR4

    'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'

    Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos

  • 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa - IX. liburukia'

    Arduradunak: Adolfo Arejita/ Xarles Videgain

  • 'Esteve Materraren doctrina christiana (1617 & 1623). Edizioa eta azterketa'

    Egileak: Dorota Krajewska, Eneko Zuloaga, Ekaitz Santazilia, Borja Ariztimuño, Oxel Uribe-Etxebarria, Urtzi Reguero

  • 'Toponimia de Vitoria - Gasteizko Toponimia VI. Arratzua II'

    Egilea: Elena Martínez de Madina

  • 'Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa'

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • 'Sociedad y Lengua Vasca en los siglos XVII y XVIII'

    Egilea: Juan Madariaga Orbea

    Argitalpen guztiak ikusi