Katalanaren, okzitanieraren, aragoieraren eta euskararen ezaugarriak eta bilakaera erakusten dituen erakusketa zabala antolatu du Euskaltzaindiak Baionako Euskal Museoan (Kortsarioen kaia, 37).
Erakusketa gaurtik eta abenduaren 17a arte izanen da ikusgai, egunero (10:00-18:30). Sarrera urririk izanen da.
Egitasmo hau Euskaltzaindiak Baionako Herriko Etxearekin eta Euskal Museoarekin 2017rako adostutako ekimenen barnean kokatzen da.
Andres Urrutiak gaskoieraz agurtu zuen Guy Mondorge akademikoa -"adisatz"-, eta esan zuen hizkuntza aberastasun handia dagoela Pirinioetako bi aldeetan, erakusketa berri honek aditzera ematen duen legez.
Yves Ugalde, Baionako Kultura axuanta: "Baionako Herriko etxearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena badoa gauzatzen ekintza zehatzetan. Horra, bada, gaurko erakusketaren esanahia".
Guy Mondorge (Gaskoiera Akademiaren lehendakaria): "Euskara eta gaskoiera dira lurralde honetan elkarrekin bizi diren hizkuntzak, eta erakusketa honek bidea ematen du bion egoera ezagutarazteko".
Pirinioetako Hizkuntzak erakusketa inauguratu du, gaur, Euskaltzaindiak. Baionako Euskal Museoak hartuko du egitasmoa, gaurtik hasi eta abenduaren 17a bitarte. Egitasmo hau Euskaltzaindiak Baionako Herriko Etxearekin eta Euskal Museoarekin 2017rako adostutako ekimenen barnean kokatzen da, eta katalanaren, okzitanieraren, aragoieraren eta euskararen ezaugarriak eta bilakaera erakusten ditu, hainbat paneletan banatuta.
Pirinioetako hizkuntzak, euskara izan ezik, latinetik datoz. Mendeetako prozesu hori dela eta, lurraldeari begira hurbil dauden baina elkarren artean bereizirik dauden hizkuntzak sortu dira. Literaturaren bidez, hizkuntza horiek aurrera egin dute, eta, aldi berean, aberastu eta beraien muga linguistikoetatik kanpo zabaldu dira, kalitate artistikoa ere irabazi dutela. Pirinioetako Hizkuntzak erakusketak haien ezaugarrietako batzuk eta haien historiaren adierazpen garrantzitsuenetako batzuk laburbiltzen ditu.
Horrela, bada, hizkuntza horietako bakoitza erabiltzen duten herrietako bizitza sozialean daukan erabileraren lekukotasunak eskaintzen dira, hala administrazioan, zientzian, irakaskuntzan nola, jakina, literatur genero guztietan daukaten presentziaren adibideak emanez. Akademiak sustatutako erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 17a arte egonen da zabalik (10:00-18:30), egunero, sarrera urririk izanen dela.