Andres Urrutia notario, Zuzenbide irakasle eta euskaltzainburuak Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma jaso du gaur, ekainaren 7an, Areatzan egindako ekitaldian. Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eman dio saria; ondoren, honela esan du: "Euskara zabaltzeagatik lehen gure hizkuntza arrotza zen arlo batean, Zuzenbide arloan. Batez ere, horregatik ematen diogu Urrezko Luma".
Bilbo Zaharra euskaltegiak Franz Kafkaren Metamorfosia liburuari eskainiko dio Klasikoen 9. irakurketa jarraitua. Ekainaren 9an egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian. Ekitaldi sorta antolatu dute aurreko egunetan, astelehenetik asteazkenera: batetik, Bernardo Atxagaren eta Jordi Lloveten eta Naroa Zubillagaren hitzaldiak izango dira, eta bestetik, Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariek eta Pedro Alberdi idazleak "Kafkaren aulkia" emankizuna eskainiko dute.
Patxi Salaberri Zaratiegi hizkuntzalari eta euskaltzainak parte hartu du Alcalá de Henares (Madril, Espainia) egin berri den Hizkuntzalaritza Orokorraren Nazioarteko XII. Biltzarrean. Bertan "Análisis de la evolución de la aspiración en euskera a través del estudio de la toponimia alavesa" izeneko komunikazioa aurkeztu zuen.
Joan den larunbatean, maiatzaren 28an, 14. Euskararen Eguna ospatu zuten Miranda Argan (Nafarroa). Euskararen Lagunak elkarteak urtero antolatzen duen jaia da eta bertan, besteak beste, bederatzaigarren ediziora heldu den "Erdialde" euskarazko idazlan laburren lehiaketaren sariak banatzen dira. Aurreko edizioetan bezalaxe, larunbatekoan Euskaltzaindiak emandako liburu sortak banatu ziren saridunen artean.
Bilboko Liburu Azokak 2016ko Urrezko Luma Andres Urrutiari emango dio. Euskaltzainburuak berriki aurkeztu du Blas de Oteroren Historias fingidas y verdaderas lanaren euskarazko itzulpena, Istorioak, alegiazkoak nahiz egiazkoak izenarekin. Hain zuzen ere, Bilboko poeta omenduko du aurtengo Azokak, bere jaiotzaren mendeurrenean.