Gaur goizean, euskara sustatzeko hitzarmen berri bat sinatu dute Iruñeko Udalak eta Euskaltzaindiak: 2018. urteari dagokiona. Udalaren izenean, Joseba Asiron alkateak sinatu du, eta Euskaltzaindiaren izenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Izenpetze ekitaldian izan dira, baita, Andres Iñigo Alkademiaren Nafarroako ordezkaria, Sagrario Aleman euskaltzaina eta Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordea.
Andres Urrutia euskaltzainburua pozik azaldu da akordio berria sinatu ostean: “Nafarroa euskararen herria da, eta euskara ideologia guztien gainetik egon beharko litzateke, guztion ondarea baita. Gogoratu behar da, gainera, Euskaltzaindiaren sorreran ere hor egon zirela bertako erakundeak. Beraz, pozik gaude hitzarmen berri honekin, gure lana hedatu eta zabaltzeko aukera emango digulako, eta, era berean, zerbitzua eskainiko diogulako bai Udalari bai herritarrei”.
Akordioari esker 12.000 euroko diru-laguntza emango dio Udalak Euskaltzaindiari, eta, ordez, Akademiak ondorengo konpromisoak beteko ditu:
- Euskaltzaindia Iruñeko Udalari aholku emateko zereginetan aritzen ahalko da, euskararekin zerikusirik duten hizkuntza aferetan.
- Euskaltzaindiak ematen jarraituko du hala herritarrek eskaturiko hizkuntzaren inguruko argibideak eta aholkuak nola txostenak eta egiaztagiriak, bai bere bulego nagusietatik bai Iruñean kokaturik dagoen Nafarroako ordezkaritzatik.
- Kultur hedapenerako jarduerak, ikastaroak, hitzaldiak eta abar bultzatuko ditu Akademiak hirian, eta horretarako behar diren erakunde eta elkarteekin arituko da elkarlanean.
- Euskaltzaindiak sustatzen dituen argitalpen, aldizkari edo edizio bakoitzaren 11 ale emanen dizkio Iruñeko Udalari, betiere hitzarmen honen esparruari dagozkion aferei buruzkoak baldin badira. Argitalpen horiek Iruñeko liburutegi publikoetara eta Udaletxera bidaliko dira.