"Bera" da herri horren izen ofizial bakarra
Bera da Bortzirietako herri horren izen ofizial bakarra. Hala ebatzi du Nafarroako Auzitegi Nagusiak, Berako Udalak eskatuta, kaleratu duen epaian. Epai horrek jaso duenez, dokumentu historiko ugarik erakusten dute Bera-ren izen ofiziala horixe dela, Bera, eta ez Vera de Bidasoa. Euskaltzaindiaren iritzia ere nabarmendu du Auziegi Nagusiak, Akademiak euskarazo toponimoaren alde egiten duela azpimarratuz. Gainera, izenaren aldaketa berehala egiteko agindu du.
Nafarroako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Berako Udalari. Hortaz, amaitutzat ematen da aspaldian hasi zen auzia, Berako Udalak 2008ko urtarrilean eskatu baitzion Nafarroako Gobernuari herriaren izen ofiziala euskarazkoa soilik izan zedin. Gobernuak, baina, ez zuen eskaera onartu, eta Nafarroako Euskararen Legea urratzen zuela argudiatuta, ezezkoa eman zion Udalari. Hau auzitara joan zen, horretarako Euskaltzaindiaren iritzia eskatu zuelarik.
Gogoratu behar da otsailaren 26ko 573/1976 Erret Dekretuak aitorpen ofiziala egin zion Euskaltzainidiari Euskararen Erret Akademia gisa Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaian; harrezkero, Euskaltzaindia da euskararen arloan erakunde eskuduna, hizkuntza bera ikertu eta babesteko. Geroago, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak eta Nafarroako Foru Komunitatearen Euskara Legeak beren-beregi aitortu dute Euskaltzaindia erakunde aholku-emaile ofiziala dela, euskarari dagokionez, bi erkidegoetan.
Epaian jaso denez, Akademiaren izenean, Andres Iñigo Nafarroako ordezkariak egin zuen txostena garrantzi handikoa izan da erabakia hartzeko orduan. Andres Iñigori eskatu zaitzaion, hain zuzen ere, adituaren txostena egitea.