JAGONET galde-erantzunak

Modua adieraztea: -z (hartuz, eginez, esanez...)

Zuzena al da Aspirina hartuz sendatu egingo zara esaldia? Bestalde, zein da -(e)z egituraren erabilera?

Ez, Aspirina hartuz sendatu egingo zara ez da egokia.

Izan ere, esaldi horretan, perpaus nagusian ZER galderari erantzuten diogu (Zer gertatuko zaizu?: Sendatu egingo zara), eta ez NOLA galderari; gainera, bi ekintzak (‘aspirina hartzea’ eta ‘sendatzea’) ez dira aldi berean gertatzen (lehenengo, aspirina hartu; gero, sendatu).

-(e)z kasu-markari dagokionez, Euskal Gramatika. Lehen Urratsak VII, 321. or. liburukian badira horri buruzko kontuak. Azalpen horiek kontuan hartuta, esango dugu -(e)z kasu-marka, besteak beste, honako hauetan erabiltzen dela:

a) Perpaus nagusian NOLA galderari erantzuteko: irakurriz ikasten da irakurtzen (Nola ikasten da irakurtzen?); oinez etorri zen (Nola etorri zen?).

b) Perpaus nagusian NOIZ (Nola) galderari erantzuteko, bi ekintzen artean aldiberekotasuna gertatzen denean, hau da, bi ekintzak aldi berean gertatzen direnean: ardoa edanez hitz egingo dugu (Noiz hitz egingo dugu?: ardoa edan bitartean).

Bestalde, ekintza bat bestearen ondoren gertatzen denean (ondokotasuna) edo ekintza bat beste baten ondorio denean (ondoriotasuna), ez da -(e)z egitura erabili literatura-tradizioan eta bestelako egituretara jo izan da (*Hori esanez, atea itxi zuen: hori esan, eta atea itxi zuen; *Hori ikusiz, haserretu egin zen: hori ikusita, haserretu egin zen).

Beraz, galderako Aspirina hartuz sendatu egingo zara esaldia zuzendu egin beharko litzateke eta bestela adierazi:

Aspirina hartuta, sendatu egingo zara.

Aspirina hartuz gero, sendatu egingo zara.

Ikus hau ere: "Modua adieraztea: -z (musika entzunez ikasten da)" (JAGONET)

 

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: sintaxia > aditza, sintaxia > kalko baztergarriak, sintaxia > perpausak

Unitate-mota: afixuak > atzizkiak, hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, joskera > kalko baztergarriak, perpausa > modua

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper