JAGONET galde-erantzunak

Helburua adieraztea: -rako, -rentzat /-tzeko (etxerako / etxearentzat / etxea erosteko)

Egoeraren arabera, etxearen edo etxeko erabiltzen dugu: etxearen neurriak, etxeko leihoak... Horrela jokatzen al da NORAKO eta NORENTZAT kasuetan ere? Adibidez: Diru hau etxea erosteko da, eta beste hori, autoa erosteko. Testuinguru horretan, zuzena al da Diru hau etxearentzat da, eta beste hori, autoarentzat esaldia?

-rako eta -rentzat kasuen gaineko iritzia Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I, 261. or. liburukian dago.

Han esaten denaren arabera, zuzena izan daiteke bizigabeen kasuan -rentzat atzizkia erabiltzea. Honela dio: “-rentzat bizidun gisa sentitzen edo sumatzen ditugun izenek osatutako sintagmei lotzen bide diegu, eta -rako, aldiz, bizigabe gisa sentitzen ditugunek osatutakoei; alegia, hizkuntzarentzat, Euskaltzaindiarentzat, batzarrarentzat, elizarentzat, herriarentzat esango dugu testuinguruak bizidun bezala irakurrarazten badizkigu; ostera, hizkuntzarako, Euskaltzaindirako eta abar, bizigabe gisa sentiarazten badizkigu”. Eztarriarentzat/eztarrirako on da eztia adibidea hartzen badugu, bietara esan dezakegu. Horien bien parafrasia eginez, lehenbizikoak datiboa izango luke azpian (eztarriaRI on egiten dio eztiak); besteak, berriz, adlatiboa (eztarriRA eramateko on da eztia).

Alde horretatik begiratuta, esan beharko litzateke Diru hau etxearentzat/autoarentzat da esaldia ez dela egokia erabilera honetarako (datiboa ez du onartzen: etxeari ordaintzeko??). Horiek emateko, -rako atzizkia ere ez litzateke egokia (etxerako=etxera eramateko zuzena da, baina ez du esanahi bera). Halakoetan, nolanahi ere, aditzak ezinbestekoa dirudi: Etxea/autoa ordaintzeko/erosteko da diru hori.

Badira etxearentzat gisako egiturak Orotariko Euskal Hiztegiko corpusean; batzuetan, datiboko osagai bat dute azpiko egituran, parafrasian: Etxearentzat kaltegarria da kazkabarra (etxeaRI kalte egiten dio kazkabarrak), baina badira bestelakoak ere: Gatzarentzat adina ez duzue egiten!

Horrez gain, ikus hau ere: "Helburua adieraztea: -rako/-rentzako (bizikletarako/bizikletarentzako)" (JAGONET).

 

Informazio gehigarria:

Zalantza-mota: morfologia > kasu-markak, sintaxia > aditza, sintaxia > perpausak, sintaxia > sintagma-egiturak

Unitate-mota: hitzak-aditzak > aditz-izena, hitzak-aditzak > adizki ez-jokatuak, hitzak > izenak, hitzak > menderagailuak, perpausa > osagarriak

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper