Gaur, uztailaren 18an, Euskaltzaindiak maiatzaren 30ean izendatu zituen ohorezko euskaltzain berriei diplomak eman dizkie. Honela dio diplomak: "Euskaltzaindiak euskararen aldeko haren merezimendu bikainak aitortuz, euskaltzain ohorezko izendatu du”.
Hamabi euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak maiatzaren 30ean: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu. Joan Martí izan ezik -Martík ez du etortzerik izan- beste guztiak ekitaldian izan dira.
Guztiei halaxe esan die Andres Urrutia euskaltzainburuak: “Guk zuei baino, zuek egiten diozue ohore Euskaltzaindiari eta euskal gizarte osoari”. Euskararen giltza "sendo, irmo eta mundura zabalik" eguneroko bizitzan datzala esan du euskaltzainburuak. Hori dela-eta, bai gaur omendutakoei, bai beren senide eta lagunei ere, gonbita argia egin die: "Ekin eta jarrai".
Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariaren esanetan, nabariak dira ohorezko berrien merituak: “Era askotako lanak egin dituzue, bakoitzak bere arloan, ezberdinak, baina guztiek helburu berbera izan dute: Euskal hizkuntza eta gure herri nortasuna aurrera eramatea, Euskal Herria iraunaraztea. Gaurdanik ofizialki ohorezko euskaltzainak izango zarete, baina gogoan izan gaur ez zenuketela diploma hori jasoko, aspaldidanik eta urte askotan, zuen praktikan jada ohorezko euskaldunak izan ez bazinete. Izan ere, zuei ohore hori ematean, zuek gure artean hartzean, euskaltzain guztiok ere ohoraturik sentitzen gara. Zuekin zorrean egon gara eta gaur zor hori kitatzeko aukera daukagu”.
“Euskara guztiona da”, aldarrikatu du idazkariak. Eta ondokoa gaineratu: “Baina gero, argi dago guztion esku egon den balio hori, herritar batzuek, herrizaletasunez, kultura zentzuaz, sorterriarenganako atxikimenduaz, bera aintzat hartu, ikasi, landu, jagon, goratu eta gizarteko toki guztietan zabaltzen saiatu direla, hizkuntzazko euskalduntasun praktiko hori harrotasunaz jendartean erabiltzen eta bere balio-eremua ere etengabe hedarazten”.
“Urte beltz luzeetan ere” euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin duten pertsonak eta kolektiboak goraipatu ditu Kintanak. Horien artean ohorezko berriak kokatu ditu. “Azkenean -esan du- pertsona horien ahaleginari esker lortu du gure Herriak hogeita batgarren mendearen hasieran, oraindik burua harrotasunez euskaldun eta tente eramatea”.
Ohorezko euskaltzain berriek diploma eta Euskaltzaindiaren ikurra jaso dituzte. Esker oneko hitzak ere izan dituzte, eta beren poza adierazi dute.
Ekitaldian zehar, Ander Berrojalbiz biolin jotzaileak eta Maider Lopez biola jotzaileak hartu dute parte.