(...)
Izen honen etimologiaz ikus -aga atzizkiari eskaini atalean dioguna. XIX. mende arteko Aristuziaga Astuziaga [àstuzjága] edo Estuziaga [èstuzjága] bilakatu da orain, baina badirudi laburketa ez dela horren berria, Astuziaga, aurrenekoz 1766an ageri baita. Nolanahi ere, eta esan bezala, XIX. mendearen hasieran oraindik ere Aristuziaga aurkitzen dugu.
Dermio hau Galipentzuko mugan dago, eta Aragoa ugaldetik hurbil dagoen Erlosiana (gaurko Rusiana)-tik Mugazuria-raino luzatzen da, mendebaldetik Beltranlarratz eta Capaburros-ekin mugatzen duelarik. Aristuziaga lehen Uxuek eta Pitillasek amankomunean zituzten lau "cuarto"-etako bat zen, Andiaga, Mugazuria, eta Zaldunaga-rekin batera (ikus Cuartochiguito eta Cinco Millares sarrera), eta dirudienez Aragoa ibairaino iristen zen, bere barruan gutieneko kontuan Erlosiana eta La Comuna hartzen zituela. Hortaz badirudi Cuarto de Aristuziaga "aborral" edo "corraliza" zela, Aristuziaga dermioa baino hedadura handiagokoa, "corraliza"-ekin behin baino gehiagotan agitzen den moduan (cf. Busa eta Corraliza sarrerak).
Barranco de Aristuziaga Galipentzun Barranco de Zabaleta deitzen duten bera da, eta Uxuen jaioagatik ibilbide gehiena auzo herri horretan egiten du, Aragoa ugaldean amaitu aitzinetik. Dokumentazioko Monte de Aristuziaga Beltranlarratz-en hasi eta Aurino-raino luzatzen den mendia da. Portillo de Aristuziaga, azkenik, Uxueko Erlosiana-ren eta Galipentzuko Aurino-ren artean dagoen Portillo de Chinchón izango zen, edo bestela goian, Capaburros eta Beltranlarratz-en artean, Marcelianoren gortearen gaineko aldean dagoen Portillo de (lo de) Marceliano.
(...)
What:
Situation:
Origin:
OV.11