(...)
Izen honek aldaera ezberdin franko aurkezten ditu. 1698an Aldaydarrea dugu, Aldayderrea bilakatua bi urte beranduago. Hemendik, azken bokalaren aferesiz [Cf., esaterako, Artabillar, Artabillar ondo eta Artabilarrea, Artabillarea Atondon, edo Kapanalarrea eta Kapanalar Aldaban (J. Jurío, TCPCI, 48-49 eta 117-118. orr.).] 1767ko Aldaidar atera zen, eta hemendik 1771ko Aldeidar, 1786ko Aldidar, eta XIX. mendeko [1892ko katastroan fetxa horretan oraindik ere bizirik zegoela ikusten dugu.] Aldigar, azken hau horzkari-disimilazioz. Aldaidarrea lehenengoz berandu samar azaltzen da, eta jatorrizko *Aldailarrea batetik atera zitekeela uste dugu, horzkari-asimilazioz edo agian albokari-disimilazioz. Bukaerako *-larrea hori dudazkoa den arren, garbi dago aurreneko osagaia Ezporogiko eta Lergako Aldaiondoa-n eta Murillo el Fruto-ko La Aldayonda [PRA-Kaparroso, 19. k.]-n dugun bera dela, aldai 'aldapa', 'mendi mazela' alegia [J. M. Satrústeguik "Planteamiento general de la etnografía de Urbasa" (Los grupos humanos en la prehistoria de Encia-Urbasa, Eusko Ikaskuntza; José Miguel Barandiaran beka bildumako 6. zkia, 56. or.) lanean honela hitz egiten digu izen honetaz:
"Aldaya. Ladera o falda de los montes. Vocablo usual entre los amescoanos. Luciano Lapuente en uno de sus meritorios trabajos, refiriéndose a Urbasa, describe el panorama hidrográfico como «un sin fin de chorrillos que forman las fuentes frescas de nuestras Aldayas»"].
Basandia eta Sulue-ren beheko aldean, errekan zegoela irudi du, El Vedado-ren ondoan, "Corral de Caparroso"-ren inguruan.
Barranco de Aldaidarrea zalantzazkoa da (Barranco de Lakubeli?).
Barranquillo de Aldaidarrea zein zen zehazki ez dakigu, baina Barranco de Sulue-ra ura isurtzen duen errekastoa izan zitekeen. Sotillos de Aldaidarrea Barranco de Aitzandieta eta Barranco de Zapaiz-en inguruko eremu xabal antxak izan zitezkeen. Gainera, oihezkia hasten den tokian malda xutak daude, eta honek aldai-ren presentzia azalduko luke.
Beste aldetik, badakigu Aldaidarrea herri-lurra zela, auzo-lurra, gaurko El Vedado bezala.
Datu guzti hauek Aldaidarrea El Vedado eta Sulue-Zapaiz-en arteko errekaren aldameneko alderdia zela pentsa erazten digute.
(...)
Que:
Où:
Origine:
OV.11