(...)
Garbi dago toponimo honek ur handira zihoan bidea izendatzen zuela. Ur handia zer ote zen asmatzea ere ez da zaila, Galipentzuren magaletik Aragoa ugaldea pasatzen dela kontuan hartzen badugu. Gainera hor ditugu erdarazko Río mayor eta Camino del Río mayor (ikus sarrera hauek) izenak.
Honen alderantzizkoa Oltza zendeako Ur txikia da: honek ibai nagusira, ur handira, ura isurtzen duen erreka txikia ematen du aditzera [Jimeno Juríok (TCPCO, 21. or.) honela hitz egiten digu toponimo honetaz:
«El actual Araquil fue denominado antiguamente Arga en el tramo entre Osquía e Ibero, mientras que el actual "Arga" fué llamado Runa a su paso por Pamplona. La documentación suele designarlos de forma genérica: "río caudal" ("Río caudal que viene de Pamplona; Rio caudal que viene del valle de Araquil"), diferenciándolos de los afluentes principales, llamados "Ur txikia", "agua chiquita" o "río pequeño"».
Garbi dago beraz euskaraz ura ibaia, erreka, ubidea, adierazteko erabili izan dela, erdarazko agua bezala (cf. Leatxeko Las Dos Aguas). Ikus honetaz gure IGI.].
Urhandi, Hiribarreni [Eskaldunak, Lur, Donostia, 1979, 93-94. orr.] kasu egin behar badiogu, Lapurdiko ugalde baten izena ere bada:
"Itsasuri daraio (sic) saltoca Urhandi/ aberasten duena erdian Laphurdi./ Haren haur gastatuak bereciki hiru:/ Cambo, Uztaitz guria, eta Hiriburu." [Urhandi-rekin batera Uhertsi (< ur + hertsi) ere aipatzen du: "uhertsia hastapena Urdazurinbi/ Ehun chirripec dute bidean berratzen"]
Lafittek aldiz, izen arruntetako hartzen du ur-handia [Murtuts eta bertze... Elkar, Donostia (?), 1982, 55, 62, 78, eta 79 orr.]:
"beraz, erdaraz Nive eta eskuaraz Errobia erraiten diogun ur-handia, zaharrek deitzen zuten «itsasoa»"
Dena dela, aurreraxeago ibaitik bereizten duela dirudi:
"«Girixtiño maiteak, eman ditzagun mundu zabaleko itsaso, ibai, ur-handi, latsa, uri eta iturri guziak batean, zer putzua!!..»"
Enrike Zubiri "Manezaundi" luzaidearrak ere izen arruntetako hartzen du:
"Eta guk Academiarik gabe, eta doidoia astian behin irakurtuz elizako liburuak, atxiki dugu mirakuluz behialako edertasunian, garbiki, gure arbasoek mintzatzen zuten bezala. Eskuararen ithurburuak ez ditugu galdu. Gure elhea mendietako ur-xirripa kotsu gabeko ithurrietan edan dugu, bathere yautsi gabe ur-haundi edo ibaietarat, hok ardurenik garbitasuna galtzen ditutelakotz heien ganat doatzin zikhinkeriaz nahastekaturik" [Artikulu bilduma, Euskal editoreen elkartea, Bilbo 1990, 105. or., Rosa Miren Pagolak paratutako argitalpena.].
Urandi 'ibai' adieraz bizirik dugu oraindik Iparraldean [Ikus EAEL, 120. sarrera.].
(...)
What:
Situation:
Origin:
OV.11