(...)
Gainera, gerta daiteke hizkuntza ofizial bietan izenak nabarmen desberdinak izatea eta horrelakoetan biak normalizatu eta ofizialduko dira. Hala gertatzen da Opellora / Costera, Elexalde / La Iglesia... eta era horretakoetan. Irizpide hori ematen da aditzera Euskararen Erabilpena Arautzeko Oinarrizko Legean ere, haren 10. artikuluak Legebiltzarreko saiora joan ziren alderdi politiko guztien aldeko botoa izan zuelarik [2 Azaroaren 24ko 10/1982 Legeko 10. artikuluan honako hau ezarri zen: // «1. Autonomia Elkarteko lurralde, udal, herri, geografia-gorabehera, hiribide eta, oro har, toki-izen guztien izen ofizialak Jaurlaritzak, Kondaira-Lurraldeetako Foru-Erakundeek edo Toki-Erakundeek finkatuko dituzte, bakoitzak berari dagokion aginte-eremuaren barruan eta, beti ere, jatorrizko izen euskaldun, erromantzezko edo gaztelaniazkoari, hizkuntza bakoitzari dagokion idazkeraz men eginez. // Toki-erakundeen eta Eusko Jaurlaritzaren artean aurreko atalean esandako izen ofizialei buruzko auziren bat gertatuz gero, Eusko Jaurlaritzak ebatziko du, aurrez Euskaltzaindiari bere iritzia eskatu ondoren. […] 3. Izen hauek oso ezberdinak izanez gero, bide-seinaleei buruzkoetarako, biak ofizialtzat joko dira»]. Irizpide honen aldekoa da Euskaltzaindiko Onomastika batzordea ere, eta aipaturiko Legean eta Autonomi Estatuan jasotakoari jarraiki, Euskaltzaindia da gai honetan erakunde aholkulari ofiziala [3 Autonomi Estatutuko 6.4 artikuluan honako hau esaten da hitzez-hitz: «Euskarari dagozkionetan, Euskaltzaindia izango da erakunde aholku-emale»]. Dena dela, Lege horretan ez da zehazten «oso ezberdinak» izate hori zertan datzan, nahiz eta zentzuzkoak izanik, bertakoek hala hartzen badituzte edo forma bat eta bestea elkar trukatzeko zailak baldin badira, «oso ezberdintzat» jo behar direla dirudien. Argi dago, beraz, Aretxazar, Etxabarri edo Campijo bezalako izenek ezin dituztela onartu baliokidetzat, ez idatziz ez eta era ofizialetan ere, Arechazar, Echabarri edo Kanpijo idazkerak [...] Zoritxarrez, toki askotako euskal izenak azkenengo euskal hiztunekin batera galdu ziren eta gaur egun ez daukagu izen horiek jakiteko modurik. Baina zenbaitetan, horietako batzuk berreraikitzeko aukera izaten da. Euskal Herriko mendebaldean eliza dagoen auzoa izendatzeko Elexalde erabiltzen zela argitzen duten adibide asko ditugu. Hala gertatzen da Barrundian hasi eta Amurrio nahiz Beotegiraino, herri horretan oraindik ere XIX. mendean Elejalde forma dokumentatzen baita, hau da, euskal izenaren forma gaztelaniartua. Hori dela eta, egungo Barrio de la Iglesia eta antzekoak euskarazko Elexalderen itzulpen hutsak direla esan genezake eta, horrenbestez, bidezkoa dateke atzera bihurtzea [...] Kontzejuko auzoburua / Capitalidad del concejo: ED50 30T X.498026, Y.4769445, alt. 245 m. // Izenak berak dioen legez, auzo honetan dago kontzejuko eliza nagusia, Done Joan Bataiatzailearen adbokaziokoa, eta herriko jaia horregatik ospatzen da ekainaren 24an. Elizatik gertu dago kontzejuko areto modernoa, Ugarten zegoenaren ordez eraikia. Etxe taldea Zarandona menditik hego-mendebaldera aldentzen den bizkar baten 328 metroko gain nabarmen batean dago. Auzora ailegatzeko Arespalditzatik Luiaondora doan A-3622 errepidean, Arespetxueta auzotik abiatzen den eskuinerako adarra hartu behar da, ondoren magalean gora parrokiaraino heltzeko. Ugartetik eta industrialdetik joatea ere badago. // 1930eko Nomenclátor delakoan Barrio de San Juan ageri da, eliza nagusiaren adbokazioa horixe delako. Dena dela, herri erabileran La Iglesia generikoaren bidez identifikatu ohi da auzoa. Euskararen mendebaldeko euskalkian, eliza nagusia dagoen auzoari Elexalde esan ohi zaio tradizionalki, eta kasu honetan ere forma hori berreskura liteke euskaraz erabiltzeko, gorago esan dugun legez [35 Ikus Añesko kontzejuan izen bereko auzoari buruz esandakoa], behin baino gehiagotan agertzen baita izen hori Aiaran bertan Beotegin, Lantenon, Luxon…, baita Amurrion eta abarretan ere
(...)
Que: Auzoburua
Où: Murga [Aiara]
Origine:
IZ.03