Euskara Batuaren Eskuliburua

-ekiko atzizkia

-ekiko atzizkia

Euskaltzaindiak arautu gabeko kontua da, baina tradizioak argi erakusten du bidea. Bi jokamolde ageri dira -ekiko atzizki konposatuaren (-ekin + -ko) erabileran:

- Normalean izenlagun modura jokatzen du (Iparraldeko tradizioan haren baliokidea den -ekilako beti da izenlagun), egitura hau duela: <[NOREKIN kasua] + [-ko] + izen-multzoa>: elkarrekiko adiskidetasuna, hizkuntzarekiko lotura, lagunekiko harremanak, zurekiko tratuak...

- Baina ez du nahitaez izenlagun izan behar; Hegoaldean badaude adizlagun-erabileraren lekukotasunak ere: gurekiko izan duen portaera, berekiko esan zuen, lagunekiko dudan zorra...

 

Izenlagunarenak askoz ere ugariagoak dira: alegia, gurasoekiko errespetu handia du edo gurasoekiko harremanak hoztu egin dira aspaldion bezalakoak gehiago dira errespetu handia du gurasoekiko edo gurasoekiko erakusten duen errespetua baino.

 

Arestian esan bezala, Iparraldeko zenbait tokitan (zubereraz bereziki) -ekilako kasu-marka konposatua erabiltzen da -ekikoren ordez.

 

Gaur egun:

- Aukeran, adizlagun-erabileraren aldeko gehiegizko lerratzea sumatzen da, eta beste aukerarik ba ote den begiratzea komeniko litzateke, zalantzazko moldeak saihestearren: ?Jarrera baikorra izatea esperientziekiko (> Jarrera ona izatea esperientzia berrien aurrean). ?Estimu handia dute gurekiko (es: ‘para con nosotros’, ‘en relación a nosotros’; fr: ‘nous concernant...’, ‘en ce qui nous concerne’, ‘envers nous’, ‘à notre endroit’ adierazteko) (> Estimu handia dute gu(re)gana(ko) / Estimu handia digute / Estimu handitan gauzkate / Biziki estimatzen gaituzte / Estimu handia dute gure aldera(t)).

- Estiloak estilo, izenlagun-erabilera, testua arintzeko baliabide erosoa gertatzen zaie idazle askori izen konkretuekin: arkabuzekiko erasoa, zaldunekiko erasoa, datiboarekilako komunztadura, zain urdinekiko eskua, leiho beltzekiko eraikina, begi urduriekiko mutila...

- Zientzia-testuetan, paralelo, perpendikular (elkarzut), ebakitzaile, ortogonal, simetriko, proportzional eta gisako izenondoekin, hark aditzera ematen duen nolakotasuna adierazteko erabiltzen da, -en atzizkiarekin batera:

A B-ren paralelo(a) da (*A B-ri paralelo(a) da).

A paralelo(a) da B-rekiko (*A paralelo(a) da B-ren).

Ibilgailua errepidearen ardatzarekiko paralelo(ki) higitzen da.

C eta B puntuetan kurbarekiko ebakitzailea den zuzena...

- Beti da baztertzekoa adizlagun-jokoa eta izenlagun-jokoa ez bereiztea: *Aitarengan konfiantza galdu duela adierazi du (> Aitarenganako/Aitarekiko konfiantza galdu duela adierazi du). Arrazoia: -(en)gan kasua aditzaren osagarria da, ez konfiantza izenarena).

 

Zalantzak:

- Zein hobetsi: elkarrenganako maitasuna ala elkarrekiko maitasuna/gorrotoa /konfiantza...?

Elkarrenganako maitasuna da euskal literatura-tradizioan gehien erabiltzen den egitura, elkarrekiko maitasunaren aurretik. Bestetik, -(en)ganako gorrotoa edota -en kontrako/aurkako gorrotoa dira hobestekoak; -ekiko gorrotoa duen adibiderik ez dago tradizioan. Orobat konfiantzarekin ere: -(en)ganako konfiantza edota konfiantza... -(en)gan modukoak dira hobestekoak. ( -(en)ganako/-ekiko maitasuna, gorrotoa, konfiantza...)

- Nirekiko / Nire ustez, baliokideak ote dira? Bai, baliokideak dira eta onargarriak dira Nirekiko / Nire ustez, horrek ez dauka ez hankarik ez bururik gisako bi erabilera-moldeak. Egia da -ekiko erabiliagoa dela nirekiko pentsatu, jardun, esan... gisako moldean, baina -ekiko hori -en ustez esanahiarekin ere erabili izan da tradizioan.

 

Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA. ““Norenganako/norekiko” adieraztea: -ekiko (gurasoekiko errespetua / errespetua gurasoekiko)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Lexikoa: maitasuna, gorrotoa, konfiantza (elkarrenganako/elkarrekiko maitasuna/gorrotoa/konfiantza)”, Jagonet galde-erantzunak.

— “Ustea/iritzia adieraztea: nirekiko / nire ustez”, Jagonet galde-erantzunak.

MAKATZAGA, Jesus Mari (1999). "-kiko atzizki konposatuaz" in Zenbait Gai Euskara Teknikoaren Inguruan (artikulu-bilduma, Juan Carlos Odriozolak bateratua), EHU/UPVko Argitalpen Zerbitzua.

ALBERDI, Xabier, SARASOLA, Ibon (2001). Euskal estilo libururantz. Bilbo: UPV/EHU (127-138).

PETRIRENA, Patxi (2011). Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Gasteiz: Ikasmaterialen Aholku Batzordea (EIMA)-Eusko Jaurlaritza (172-174).

MUJIKA, Alfontso (2013). "-EKIKO izenlagunaren aldeko aldarria", 31 eskutik.

EHUko Euskara Institutua (2012). "-(r)engan konfiantza (adizlaguna) /-(r)enganako/-(r)ekiko konfiantza (izenlaguna)", Kalkoen Behatokia.

EHUko Euskara Zerbitzua (2013). "-ekiko", Ehulkuren aholku guztiak.

  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper