Euskaltzaindiaren webgune berrituak estetika argiagoa eta modernoagoa dakar, eta nabigazioa erraztea izan du kontuan lantaldeak. Alegia, erabiltzaileak beti jakin dezan non dagoen eta nola irits edukietara.
Esan gabe doa egungo tresna guztietara egokituta dagoela webgunea; direla sakelako telefonoak, tabletak, ordenagailu eramangarriak nahiz pantaila handiak. Eta gailua edozein dela ere, hizkuntza-baliabideak noiznahi eskura izateko ahalegin berezia dago webgune eraberrituaren atzean, hiztegiak, corpusak, hizkuntza-atlasa, gramatika, onomastika, arauak, baita Euskara Batuaren Eskuliburua bera ere, kontsultagarri daudelako sarean.
Kontsultarako nahiz lanerako tresna denez, bilaketa sistema aurreratuak ere eskaintzen ditu, eta iragazketak egiteko aukerak, tesaurus baten laguntzari esker. Kontsultagarri jarri ditu, halaber, Euskera agerkariaren hemeroteka, bildumak, testu-funtsak eta beste hainbat argitalpen digital ere.
Horrez guztiaz gain, etengabe berritzen da informazioa, Plazaberri albistariaren bidez, agenda eguneratuz, nahiz Facebook, Twitter eta Instagramen edukiak jarriz.
Bigarren harribitxiak, Euskara Batuaren Eskuliburuak alegia, arau, gomendio nahiz bestelako irizpenak era didaktikoan birformulatzea du helburu. Alor askotatik bildutako informazioa ageri da eskuliburuan: lexikoa, kalkoak, ahoskera, ortotipografia eta beste.
Sarreretako bakoitzean, argi adierazten da zer duen Euskaltzaindiak arau moduan emana, eta zer ez, zer den ebatzia eta zer den gomendio edo hobespena. Edota non komeni den batasuna egitea.
Euskaldun eskoladun edo alfabetatuari zuzendua da bereziki, alegia irakasle, idazle, hizkuntza-teknikari, argitaletxeetako hizkuntza-zuzentzaile, itzultzaile, hedabideetako kazetari-esatari eta hizkuntza-kontuetan jakingura duen edonori. Jarraibidez osaturiko liburu praktiko bat da finean.
Adibide bat jartzearren, har dezagun Zorionak! sarrera. Honokoa dio: “Interjekzio modura erabilita, guztiz jatorra da (Zorionak eta urte berri on!, adibidez), baina okerra da urtebetetze hitzaren sinonimo gisa erabilita (*Gaur nire zorionak dira). Horren ordez, Gaur nire urtebetetzea da / Gaur nire urtebetetze-eguna da esan behar da.