Aurten ehun urte beteko dira Euskaltzaindia sortu zenetik, eta Eusko Legebiltzarrak adierazpen instituzionala sinatu du, mendeurrenaren harira. “Eusko Legebiltzarrak bat egiten du Euskaltzaindiaren mendeurren ekitaldiekin eta euskal herritar guztiei gonbita egin nahi die bat egin dezaten Euskaltzaindiaren ehungarren urte hau dela eta izango diren ekitaldiekin”. Honela dio Eusko Legebiltzarrak atzo onartu zuen adierazpen instituzionak eta gaur testu hau jasotzen duen adierazpenaren kopia jaso du Euskaltzaindiak, Legebiltzarrak erakunde honekin dauzkan loturak berresteko.
Eusko Legebiltzarrak Euskaltzaindiaren lana aintzat hartu nahi du euskara batuaren sorrerak euskararen historian eta, halaber, euskararen normalizazioan duen garrantzia aitortuz, “euskara gizarte bizitzako hainbat jardunetara normaltasunez hedatu ahal izateko ezinbesteko tresna izan baita”.
Eusko Legebiltzarrak euskararen etorkizunean eta garapenean euskara batuak izan behar duen garrantzia eta egitekoa aitortu eta azpimarratu nahi du alderdi politiko guztiek adostu duten adierazpen honekin, eta berretsi egiten du gizarte-erabilera orotarako duen balioa, “euskara batua bera hizkuntzaren normalizazio prozesuan ezinbesteko bihurtzen dueña”.
Gainera, Eusko Legebiltzarrak euskararen estandarizazioan ibilitako aitzindari guztien ibilbide eta jardun akademiko eta historiko osoa aitortu eta eskertu du adierazpenean.