Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Gaur berresten dugu duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean eman ziguten zeregina, eta harago eramaten dugu konpromisoa, ordurik hona Euskal Herrian izan diren errealitate berriei aitortza eginez eta euskal gizarteko eragileei gure elkarlana eskainiz, euskara eta euskal kulturaren mesedetan”.
Euskaltzaindiak Mendeurrena ospatuko du 2018ko irailetik 2019ko urrira bitartean. Jardun instituzionalen artean, bi ekitaldi nagusi finkatu dira. Batetik, gaurkoa; bestetik, eta Mendeurrenari amaiera emanez, 2019ko urrian egingo dena, Gipuzkoako Foru Aldundian.
Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatua eratu da gaur, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitza nagusian. Besteak beste, bertan bildu dira Patronatua osatuko duten hogeita bat erakundeak, tartean, Ipar eta Hego Euskal Herriko erakunde nagusiak.
Uztaileko Osoko bilkura profitatu du Akademiak Ohorezko Patronatuaren eraketa egiteko, eta Galiziako Errege Akademia, Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans) eta Espainiako Errege Akademiako ordezkariak gonbidatu ditu Jauregiko Batzarraldi Aretora. Osoko bilkura amaitu ostean egin da ekitaldi nagusia, non hitz egin duten Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Beñat Arrabit Euskararen Elkargoko lehendakariordeak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak historiari heldu zion bere hitzalditxoan, 1918an Aldundi horretan bertan gertatutakoa gogoratzeko: "Ehun urte iragan ostean, berriz gaude Bizkaiko Aldundian. Atzokoan bueltaka nenbilen, Euskaltzaindia zer izan den deskribatuko lukeen berba bilatu nahian. Eta hara nora, maisu edo andereñoaren papera etorri zitzaidan burura. Andereño eta maisuek, ez bakarrik ezaguera, baizik eta portaera, berba egiteko era eta bilakaera ere zaintzen baitituzte. Laburbilduz, bidea atontzen dute". "Baina hau guztia posible izateko -nabarmendu zuen Rementeriak-, beharrezkoak dira gizarte bat eta instituzio sendo batzuk. Euskaldun barik ez dago Euskaltzaindiarik. Eta guztion zeregina da hurrengo 100 urteetan euskal hiztunak hedatu eta zaintzea. Beraz, bidea egiten eta atontzen jarraitu beharra daukagu".
(Akademietako presidenteak, gaurko Osoko bilkuran)
Euskara eta euskal kulturaren mesedetan
“Gaur berresten dugu duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean eman ziguten zeregina, eta harago eramaten dugu konpromisoa, ordurik hona Euskal Herrian izan diren errealitate berriei aitortza eginez eta euskal gizarteko eragileei gure elkarlana eskainiz, euskara eta euskal kulturaren mesedetan”, adierazi du gaur Andres Urrutiak agintari eta gizarte eragileen aurrean. Euskaltzainburuak Akademiaren hastapenak gogoratu nahi izan ditu, azpimarratuz, ordutik etenik gabe lanean jardun duela erakundeak, “garai gozo zein latzetan”, “nola Iker hala Jagon sailetan, euskararen inguruko ikerkuntza linguistikoari eta gizarte erabileraren arlo desberdinei adi-adi”.
Gogoratu du, orobat, Euskaltzaindiak “zin-zinezko komunitate zientifiko, akademiko eta soziala ondu eta mamitu” duela urte hauetan, bestelako errealitate batzuk aurrera eramanez eta finkatuz, “egun euskal kulturaren ezinbesteko erreferentzia direnak”: dela euskararen estandar linguistikoa formulatzea, dela ikastolen mugimendua, euskalduntze eta alfabetatze kanpainak eta euskaltegiak, edo dela bertsolaritza, literatura sorkuntza edo itzulpengintza.
Urrutiak aitortu du Akademiak baikortasunez begiratzen diola etorkizunari, eta esan du Euskaltzaindiaren zerbitzu gogoa ez dela amatatu, euskara aitzinatzeko erakundearen nahiak indartsu jarraitzen duela eta ohartarazi du zeregin hori “euskararen eremuan lan egiten duten guztiekin batera” gauzatu behar duela, “ondorengo urteetan ere Euskaltzaindia erreferentea izan dadin euskararen munduan, tankera irekian lan eginez, guztiok baikara Euskaltzaindia”.
1918: Landaburu eta Elgezabalen proposamena
Gaurko Osoko bilkura Bizkaiko Foru Aldundian egiteak badu funtsa. Izan ere, Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean abiatu zen, zehatz-mehatz urtarrilaren 12an, Ramon de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu Bizkaiko Aldundiaren ahaldun abertzaleek Euskararen Akademia -izen hor jarri zioten hastapenetan- bat sortzeko proposamena aurkeztu zutenean, Aldundiaren Osoko bilkuran eztabaidatua izan zedin; proposamena euskaraz aurkeztu zuten eta bertan argi azaltzen zuten euskararen etorkizunerako behar-beharrezkoa zela erakunde bat sortzea.
«Lenen-lenen ba, bidia atondu beaŕ, beragandik ondo ibilteko ta bera zuzen erabilteko. Biaŕ-añeko notiñen Bazkun bat, aldiak batak bestiakin azteŕtu ta aldan ondoen erabagiteko; utsunak bete; itzen ikuŕpena eta esanguria tinkotu-idazkera bat jaŕi; izkelgiak bata be ezetsi barik eta alkaŕe geitu ta aberastuta baino, orobatu; idaztiyak bildu, eta azkenez, izkera gaŕbi, makezbako jakintz-lanetarako egoki ta erabilkoŕa, eusko-eŕien gaigaŕia, emon dagizkun». Horiek izan ziren Euskaltzaindia sortzeko mahai gainean jarri ziren lehendabiziko arrazoiak, eta hortik Oñatiko biltzarrera egin zen jauzia, eta gero etorri zen aldundi desberdinen aitortza, lehen euskaltzainen izendapena, araudiaren onartzea...
Ohorezko Patronatua osatzen duten erakundeen zerrenda:
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Jaurlaritza.
Nafarroako Parlamentua.
Nafarroako Gobernua.
Euskal Hirigune Elkargoa.
Espainiako Gobernua.
Arabako Foru Aldundia.
Bizkaiko Foru Aldundia.
Gipuzkoako Foru Aldundia.
Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel)
Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioa (NUKF)
Baionako Herriko Etxea.
Bilboko Udala.
Donibane Garaziko Herriko Etxea.
Donostiako Udala.
Gasteizko Udala.
Iruñeko Udala.
Mauleko Herriko Etxea.
Galiziako Errege Akademia.
Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans).
Espainiako Errege Akademia.