(lat. motivus, eragile, mugiarazle)
“Motibo” hitza, XVII. mendearen inguruan, musika arloan hasi zen erabiltzen, partitura edo pasarte zabal batean, bariazioz, errepikatzen den eta musikalki esan guratsua den oso unitate ttipia adierazteko. Geroago, bere eremu semantikoa hedatu eta literatur esparrura ere iritsi zen, non, gutxienez, bi adiera zabal hartu izan dituen: osagai tematiko gisa, alde batetik, eta kausazko lotura gisa, bestetik.
1.- Motiboa osagai tematiko gisa harturik, erabilera arrunt eta ezagunenean, literatura lan batean edo ahaideturiko lan zenbaitetan zehar modu adierazgarriz errepikatzen den gutxieneko elementu bat da (objektu, irudi, pertsonaia, ideia, esaldi, eta abar), hala nola, Maigret inspektorearen pipa, gereziondo japoniarra I. Mujika Iraolaren Azukra belazeetan ipuin bilduman, edo “barruko ahotsa” B. Atxagaren obran, adibidez. E. Frenzelek (1976) literatura unibertsaleko motiboen hiztegia osatua du.
Ikuspuntu estruktural eta teknikoago batetik, motiboa gaiaren atal txikienetariko bakoitza da, material tematikoaren osagai zatiezinak alegia, beren artean josi eta konbinatuta obraren gaia osatzen dutenak. Errusiar formalismoaren kide den B. Tomatxevskiren (1925) hitzetan, motiboa “parte zatigaitz baten tema da”. Konkretukiago eta narratibaren alorrean sartuz, motiboak, etnologo eta herri ipuinen ikertzaileentzat batik bat, kontakizunaren unitate txikienak eta zatiezinak dira, beren artean uztarturik, egitura narratiboa, istorioa osatzen dutenak. Esate baterako: aitak hiru seme zituen, seme zaharrenak etxetik alde egin zuen, aitonak zaldi bat eman zion bere ilobari, eta abar.
Motiboak heterogeneoak izan daitezke. Tomatxevskik, kontakizunaren barne egiturarekiko duten loturaren arabera motibo atxikiak eta motibo askeak bereizten ditu. Motibo atxikiak, istorioa ulertzeko beharrezkoak eta bazterrezinak dira, haiek ezabatuz gero, kontakizunaren jarraipen kronologiko-kausala hautsi edo kaltetu egingo bailitzateke. Motibo askeak , baztergarriak, gertaeren segida hondatu gabe ken daitezkeenak dira. Adibidez, A. Lertxundiren Hamaseigarrenean, aidanez nobelan, “Domingoren sabela lehertu egin zen” motibo atxikia da, eta “sabela toaja batez estali zioten”, askea.
Tomatxevskik berak, bestalde, eta deskribatzen duten ekintzaren arabera, moti boen artean beste bereizketa bat egiten du: motibo dinamikoak eta estatikoak. Motibo dinamikoak istorioaren garapenaren gunezko eragileak dira, egoeraren aldaketa adierazten dutenak, protagonistaren ekintza nagusiak edo albiste garrantzitsu baten ezagutzea, esaterako; motibo estatikoak , egoera aldarazi ez bai zik azaldu egiten dutenak dira: pertsona, leku, giro, eta abarren deskribapenak, adi bidez.
V. Proppek (1928) eginiko Errusiako ipuin harrigarrien azterketaren ondoren, kontakizunaren unitate txikien eta zatiezinari funtzioa terminoa atxiki zaio, eta moti boa baino osagai estruktural, unibertsal eta besarkatzaileagoa da.
2.- Motiboa kausazko lotura gisa aditzen denean, motibazioaren baliokidetzat hartu ohi da: pertsonaia baten ekintzak edo jokabideak eragiten dituzten zergati edo arrazoi psikologikoak edo bestelakoak dira. Tomatxevskik, ordea, bereizi egiten ditu eta motibazio terminoa zedarritzen du, elementu bat nobela batean sartzeko erabil daitekeen justifikazio gisa adituz. Idazlan baten tematika osatzen duten motiboen sistemak nolabaiteko batasun estetikoa izan behar du, motibatua egon behar du. Motiboak obran txertatzea justifikatzen duen arrazoiren baten arabera sarrarazi behar dira. Hiru izan daitezke, besteak beste, motibazioak: konposagarria, hots, istorioaren eraikuntzaren beraren eskakizunez; errealista, errealismo eta egiantze kotasun itxura ematearren; eta artistikoa, osagaiak estetikoki justifikatuta egon behar baitute, dela berritasun edo originaltasunagatik, dela arroztasun efektua sortarazteko.
[K. O.]
Ikus, halaber, A RGUMENTU , F UNTZIO , G AI , L EITMOTIV , U RRUNTZE .
B IBLIOGRAFIA
T OMACHEVSKI , B.: Teoría de la literatura , jat. 1925, Akal, Madrid, 1982 . F RENZEL , E.: Diccionario de motivos de la literatura universal , jat. 1976, Gredos , Madrid, 1980 .