• Euskaltzaindiak 2018an eta 2019an ospatuko duen mendeurreneko ekitaldiekin lotuta, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Bilbon, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
  • Hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekintzen sustapena eta publizitatea egingo du EiTBk. Halaber,  Euskaltzaindiak egingo dituen ekitaldi eta jardueren berri emango du telebista, irrati eta interneten.
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): "Euskal gizartetik sortu ginen eta euskal gizarteari begira gaude, etengabe aldatuz eta gure jarduna moldatuz. Zeregin horretan bidelagun izango ditugu gure irrati eta telebista publikoak, beste behin ere".
  • Maite Iturbe (EiTBko zuzendari nagusia): "Zuen laguntza, irizpide eta orientazioarekin, dokumental txukun bat egiteko konpromisoa hartzen du ETBk".

    Maite Iturbe eta Andres Urrutia
    (Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia eta Andres Urrutia euskaltzainburua, gaurko ekitaldian)

Euskaltzaindiak 2018an eta 2019an ospatuko duen mendeurreneko ekitaldiekin lotuta, lankidetza hitzarmena sinatu dute ostiral honetan, Bilbon, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Bi aldeak pozik agertu dira Euskaltzaindiaren lan handia gizarteratzeko eta ibilbidea balioesteko balio duen itun honekin.

Mendeurrenaren karietara, Euskaltzaindiak egitarau zabala osatu du, eta ekitaldi instituzionalak, nazioarteko jardunaldi akademikoak, ekintza artistiko-kulturalak eta bestelako ekintza batzuk aurreikusi ditu. 2018ko irailean hasi eta 2019ko urria bitartean izango dira egitasmo guzti hauek.

Gaur sinatutako hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekintzen sustapena eta publizitatea egingo du EiTBk. Halaber, Euskaltzaindiak egingo dituen ekitaldi eta jardueren berri  emango du  telebista, irrati eta Interneten. Horrez gainera, Euskaltzaindiaren mendeurrenari buruzko dokumental luze bat eta hainbat ataletako programa landuko dira. “Zuen laguntza, irizpide, eta orientazioarekin, programa eta dokumental txukuna egiteko konpromisoa hartzen du ETBk”, azaldu du Maite Iturbek.

Zuzendari nagusiak azaldu du EiTBk gertu-gertutik jarraituko dituela Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldiak: “Euskaltzaindiaren urte hauetako lana behar beharrezkoa izan da euskararen normalizazioan eta, oro har, euskal gizartearen eraikuntzan. EiTBk, berebat,  bide lagun du Euskaltzaindia bere eguneroko jardunean,gure hedabideetan kalitatezko euskara estandarra erabili eta bultzatzen laguntzen digulako”. EiTBren zuzendari nagusiak ohore handiz eutsi dio Euskaltzaindiak mendeurrenean egindako deiari: “Bat egin nahi dugu Euskaltzaindiarekin une garrantzitsu honetan, Urrutia jaunak  berak duela gutxi esan bezala, euskara biziberritu nahi badugu denok –herritarrok eta erakundeok– beharrezkoak baikara”.

IMG 5833
(Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin du, gaur, Bilboko bere egoitza nagusian)

Aspaldiko harremana
Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu da sinatutako akordioarekin: “Hitzarmen honek berebiziko garrantzia du. EiTB erakunde estrategikoa da euskalgintzan eta euskal gizartea hezur-mamitzeko tresna ezinbestekoa. Beste horrenbeste esan daiteke Euskaltzaindiari buruz. Honela, aspaldikoa da bi erakundeen arteko harremana eta elkarlana. Aurten, Akademiaren Mendeurrena hauspotzen lagunduko digu EiTBk, zinez eskertuko diogun ahalegina. Euskal gizartetik sortu ginen eta euskal gizarteari begira gaude, etengabe aldatuz eta gure jarduna moldatuz. Zeregin horretan bidelagun izango ditugu gure irrati eta telebista publikoak, beste behin ere”.

Ekitaldiaren hondarretan, Urrutiak Akademiak aspaldi publikatutako bi liburu oparitu dizkio Iturberi: bata, Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri'; eta bestea, Axularren 'Gero'-ren faksimilea.

Euskaltzaindiaren mendeurrenak, erakundea gizartera hurbildu eta bere ibilbidea nabarmentzeaz gainera, beste bi helburu nagusi ditu. Bateko, Euskaltzaindiak Iker eta Jagon Sailetan etorkizunerako dituen asmoak (hiztun eta erabiltzaileek dituzten beharrak) eta ildo estrategikoak gizarteratzea eta, besteko, ildo estrategikoen inguruabarrean, Euskaltzaindiaren aitzindaritza tarteko dela, euskara eta euskal kulturaren inguruan gizarte zibila egituratzea, eta askotariko eragile publiko eta pribatuen artean lankidetzarako oinarriak proposatzea. Helburu nagusia da gizarte zibiletik euskararen biziberritzeari bultzada berri bat ematea, datozen bi hamarkadetarako.

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

 

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

  • Cub 17 Jagon 6 PR4

    'Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa'

    Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos

  • 'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa - IX. liburukia'

    Arduradunak: Adolfo Arejita/ Xarles Videgain

  • 'Esteve Materraren doctrina christiana (1617 & 1623). Edizioa eta azterketa'

    Egileak: Dorota Krajewska, Eneko Zuloaga, Ekaitz Santazilia, Borja Ariztimuño, Oxel Uribe-Etxebarria, Urtzi Reguero

  • 'Toponimia de Vitoria - Gasteizko Toponimia VI. Arratzua II'

    Egilea: Elena Martínez de Madina

  • 'Sierra de Toloño, nexo de la Montaña y la Rioja Alavesa'

    Egilea: José Ángel Chasco Oyón

  • 'Sociedad y Lengua Vasca en los siglos XVII y XVIII'

    Egilea: Juan Madariaga Orbea

    Argitalpen guztiak ikusi