• 2017ko urriaren 21 eta 22rako zegoen eguna jarrita eta, eguraldia eguraldi, larunbat eta igandez egin da aurten Xalbadorren Eguna, Jon Azpillaga bertsolari handia goratuz eta omenduz aldi berean. Eta urteroko lagunak bildu gara Urepeleko egun umeletan...

    DSC 6459
    (Azpillagatarrak, Urepelen -argazkia: Joxemari Iriondo-).

"Sistiaga-Bakeriza-Urdangarinek larunbat arratsez herriko elizan egin zuten emanaldia, bikain, dotore, eder. Ahogozo ona utzi zuen han bildu ziren 150 inguru lagunen artean. Biziki txalotu zuten gazte horien emanaldia. Gero lagun arteko afaria edertzen jarraitu zuten orain berrogei urte Xalbador hil zen ezkerpareta berean.

Eta igandean, betiko mendi-ibilaldia Xalbadorren etxola bisitatuz. Eguraldi kaskarra zen goizean goizetik, eta jende gutxitxo aurten, baina igande goizeko errituala bete zen gutxienez. 10:30eko mezetan, ohi baino jende gehiago, Xalbador eta emaztearen hilobira egindako bisitaldian bezalaxe. Eta eskola zaharrean Azpillagari buruz egindako argazki-erakusketa eta hitzaldian, inoiz ez bezalako jendetza, Azpillagaren alarguna, alaba eta ahaideen artean. Ordubete pasa egin zuen jendeak hantxe bilduta, eten ezinik. Luzatu zitekeen bilera, baina euri lardatsa ari zuela eta pilotalekuan egin zen dantza eta herri-kirol erakusketak ere merezi zuela, eta harantz jo genuen denok.

DSC 6485
(Arzallus, Lizaso, Gorrotxategi eta Loidisaletxe, bertso-jardunean)

Mutrikuar eta ondarroarrek prestatu zuten herri-bazkaria, bikain. Jende-multzo ederra biltzen da lanerako, eta badakite jan eta edana prestatzen. Eskertu eta txalotzekoa zinez gizon eta emakume horiek urtero-urtero egiten duten ahalegina Xalbador egunari gozotasun berezia emateko. Badugu horien beharra (eta beste askorena) Deiadarra taldekook, lanerako prest dagoen jendea biltzea ez baita beti erraza izaten.

Bazkalondoan Arzallus, Lizaso, Gorrotxategi eta Loidisaletxe bertsolarien ordubeteko saioa ere eder, bikain, dotore. Nola emandako gaietan hala gai librean egin zuten, eta jendeak erruz txalotu zituen, hurrengo urterako ere deia luzatuz.

Labur beharrez, nonahitik etorritako xalbadorzaleak, baina bereziki bizkaitarrak eskertu nahi genituzke azkenik. Besteak beste, Abadiño-Durango aldetik autobusa betean Urepelen egun-pasa egitea erabaki zuen taldea. Bizkaiko Aldundiak, Urepeleko Herriko Etxeak, Euskaltzaindiak eta zenbait irratik (hala nola Arrate Irratiak, Bizkaia Irratiak, Euskadi Irratiak) urtero ematen diguten laguntasuna ere eskertu nahi genuke. Milesker denoi, badugu eta laguntzaileen beharra".


Joxemari Iriondo
(Deiadarra taldeko kidea eta ohorezko euskaltzaina)

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh

Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

XXII. Jagon jardunaldia

 

 

 

Gure agendan harpidetu:

Azken argitalpenak

Argitalpen guztiak ikusi