• Beste behin, Euskaltzaindia Durangoko Azokan egongo da, abenduaren 2tik 6ra bitartean (Akademiak ez du hutsik egin 51 urteotan)
  • Azken urtean editatutako liburuak eramango ditu Artekale 69 karrikan kokatuta egongo den erakusmahaira

    1983ko abendua Durangoko Liburu Azoka
    (1983ko erakusmahaia, eta, barruan,
    Kontxi Narbaitza)

Aurten, Durangoko Azokak 51. aldia beteko du, eta abenduaren 2tik 6ra bitartean inurritegiaren itxura hartuko du Landako Guneak. Milaka euskaltzale, hara-hona, euskalgintzak eman dituen azkenak arakatzen (eta, tarteka, erosten).

Euskaltzaindia ere Durangon izango da, Akademiak ez baitu hutsik egin orain arte, 51 aldiak ezagutu dituela, berta-bertatik.Horrela, Euskaltzaindiak azken urtean editatutako edozenbat lan eramango ditu Azokara, tartean, Hiztegi berria eta Erlea aldizkariaren 10.a, Azkue sarietako ipuinekin eta Juan Manuel Etxebarriaren liburuarekin batera.

Ez dira bakarrak izango, bestelako lan garrantzitsuak ere erakutsiko baititugu Artekale 69an jarriko dugun gure erakusmahai zabalean. Esaterako, Euskal Literaturaren Antologia 1: Erdi Arotik Errenazimentura, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa batzordeak buruturiko lan mardul eta interesgarria, euskal literaturaren hastapenak ezagutzeko lagungarri dena. Edo Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren azken zenbakia ere eramango dugu Landakora, T, VII. liburukia, alegia. Hau eta aurrekoak ikusgai egongo dira saltokian; eta, horrekin batera, Dialektologia lantaldeko Amaia Jauregizar egongo da, abenduaren 2an eta goizez, interesa duenari beharrezko azalpenak ematen.

Abenduaren 3an Juan Manuel Etxebarriaren txanda izango da. Zeberioztar idazle eta ikertzaileak liburu preziatua argitaratu du, Deustuko Unibertsitatearen eta Euskaltzaindiaren elkarlanari esker. Bertan, Gorbeialdeko esakera eta etno-ipuin ugari bildu du. Manu Etxebarria abenduaren 3an egongo da Akademiaren erakusmahaian, arratsaldez,  Gorbeia aldeko ipuinen gainean azalpenak ematen.

51. ahalegina

Durangoko lehenengo euskal liburu eta disko azoka 1965ean egin zen, Andra Mariko elizpean. Abenduan ez ezik, zemendiaren 1ean ere bai, Domu Santu egunez. Sortu berri zen Gerediaga Elkarteak antolatu zituen ekitaldien artean lehenengoetarikoa izan zen. Frankismoaren diktadurapean azoka hark helburu nagusi eta argia zuen: Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea. Finean, helburuak ez dira asko aldatu; bai, ostera, Azokaren beraren funtzionamendua eta zabalkundea.
Beste behin, hutsik egin barik, Landako Gunean izango da Euskaltzaindia, azken urteotan eginiko ahaleginak jendarteratzeko prest.

 

Idatzi iruzkina

Security code
Refresh