Patxi Salaberri Zaratiegi hizkuntzalari eta euskaltzainak parte hartu du Alcalá de Henares (Madril, Espainia) egin berri den Hizkuntzalaritza Orokorraren Nazioarteko XII. Biltzarrean. Bertan "Análisis de la evolución de la aspiración en euskera a través del estudio de la toponimia alavesa" izeneko komunikazioa aurkeztu zuen.
Salaberrik adierazi bezala, bere komunikazioan "orain arte euskal hasperenaren (aspirazioaren) gainean erran diren gauzak ikusi eta Arabako toponimoek ematen dizkiguten datuek haiek baiesten edo ezesten dituzten ikusten saiatu naiz. Horretarako, orain gutxi Euskaltzaindiak eta Arabako Foru Aldundiak argitara emandako Araba / Álava. Los nombres de nuestros pueblos liburuko datuak hartu ditut oinarritzat".
Egindako aurkezpenean euskaltzainak puntu hauek ukitzen ditu: euskal hasperenaren lekunea, hitzaren barnean; hasperenaren mugak; hasperenaren izaera etimologikoaz; euskal hasperenaren iturriez; eta hasperena Arabako toki izenetan.