Gaur, maiatzaren 27an, Euskaltzaindiak Paulo Agirrebaltzategi ohorezko euskaltzain eta frantziskotarrak paratutako Ignazio Omaetxebarriaren (1909-1995) Euskara barrutik. Estudios de lingüística vasca liburua aurkeztu du. Gernika-Lumoko Udalaren eta Arantzazu Edizio Frantziskotarrak argitaletxearen laguntzarekin argitaratu da eta aurkezpenean, hiru erakundeotako ordezkariez gain, Omaetxebarria zenaren senideak -iloba guztiak, besteak beste- izan dira .
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita Iker sailburu eta liburuaren sarreragileak eta Paulo Agirrebaltzategi liburuaren paratzaileak egin dute aurkezpena. Urrutiak eta Gorroñok, biek esan dute liburua eta berau aurkezteko ekitaldia Omaetxebarriari eskainitako omenaldia direla. "Gaur -esan du euskaltzainburuak- Ignazio Omaetxebarria aldarrikatu eta omentzen dugu ".
Era berean, Akademiako ordezkariek esan dutenez, “Euskaltzaindiarentzat ohore handia da "Euskaltzainak" bilduman Ignazio Omaetxebarriaren euskararekiko ikerlan bilduma osorik eskaintzea". Izan ere, Omaetxebarriak "zorrotz eta sakon ikertu du” euskara.
Liburua Akademiak argitaratzen duen "Euskaltzainak" bildumaren 26. zenbakia da. Bertan, Ignazio Omaetxebarriaren euskararekiko ikerlan bilduma osorik eskaintzen du Paulo Agirrebaltzategik. Kaleratutako artikuluak biltzeaz gain, Omaetxebarriak plazaratu gabe utzitako testuak aztertu ditu.
Arejitak azaldu bezala, “egileak lehendik han-hemen argitaratuak zituen idazlanak biltze hutsa ez du egin Agirrebaltzategik. Ignaziok hil ondoan argitaratzeke utzi zituen idazlanak ere argitara ekarri ditu, eta zenbait zirriborro eta idazki labur ere, apunte gisa idatzirik zituenak, behar zuten lekuan edo ondo zetorrenean erantsirik eskaini dizkigu. Ignazioren lan guztiak banan-banan sailkatu, aztertu, oharrez josi eta modu eskertsuan guganatzeko”.
Ignazio Omaetxebarria idazle eta euskaltzain urgazlea izan zen. Frantziskotarra. Euskararekin batera historia izan zuen bere ikergai eta idazgai nagusia. Adolfo Arejitak azpimarratu bezala, “euskal hizkuntzaren historia alderdi bietatik lantzen du, kanpo-historiatik eta barne-historiatik. Kanpo-historia onomastika oinarri harturik batez ere. Toponimia eta, pisu handiz, antroponimia”. Barne-historia egiteko, fonetika aztertzen du, lexikografiarekin eta gramatikarekin batera. Arejitaren hitzetan, “zientzia-gizona dugu bete-betean bere iker ildoetan ikertzen dituen arloetan. Dokumentazio idatzian oinarritzen da beti”.
Polifazetikoa eta ugaria
Paulo Agirrebaltzategi frantziskotar eta ohorezko euskaltzainak aurretik ere aztertua du Omaetxebarriaren lana. 2001ean Arantzazu izena. Evocación franciscana y proyección misionera izeneko lehen bilduma osatu zuen; urte berean, Franciscanos misioneros vascos. Biografías y semblanzas (Arantzazu, 2001); eta 2002an, Los franciscanos en Euskal Herria. Retazos de historia (Arantzazu, 2002).
Agirrebaltzategik Omaetxebarriaren alde bi azpimarratu ditu: “Oso polifazetikoa eta ugaria” izan zela. “Historialaria, liturgista, arte kritikaria, kazetaria eta aldizkari-zuzendaria, musikaria eta poeta, eta hizkuntzalaria, euskalaria”. Agirrebaltzategik 27 liburu mardul, 39 liburuxka eta 1.200 artikulu dauzka zenbatuta.
Paulo Agirrebaltzategik esan duenez, Omaetxebarria “euskararen historia, filologia, antropologia eta batez ere onomastikako gaietan sartu zen gehienbat bere artikuluetan, euskararen modernizazio kulturalaren eta estandarizazioaren arazoak ahaztu gabe. Euskararen historia, bereziki onomastika historikoa, ikertu eta aztertzean, testuinguru historiko-sozialari oso adi zegoen Omaetxebarria, horren bidez izenen historia argitzeko, bai, baina baita ere, eta agian gehiago, onomastika historikoaren bidez herrien eta pertsonen historia soziokulturala ere argitzeko”.
Paratzaileak hogeita zortzi artikulu jaso ditu bilduman. Lau sailetan sailkatu ditu:
- Diakronia eta historia (euskararen barne-historia eta historia soziala)
- Onomastika (antroponimia eta toponimia)
- Gramatika (bereziki deklinabidea eta aditz-jokoa)
- Euskara eta kultura (euskararen balioztapen antropologikoa eta horren arazoak kultura modernora egokitzeko).
Paulo Agirrebaltzategiren hitzak (PDF, 93,3 KB)
Adolfo Arejitaren hitzak (PDF, 68,2 KB)
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.