Gaur, martxoaren 10ean, Gasteizko Toponimia V, Arratzua I/ Toponimia de Vitoria V, Arratzua I argitalpena aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizen, Montehermoso / Oihaneder Euskararen Etxean. Egilea Elena Martinez de Madina ikertzaile eta euskaltzain urgazlea da.
Patxi Salaberri egitasmoaren zuzendariaren esanetan, "Gasteizerriko ondare materiagabearen berreskuratze, arautze eta aztertze lan hau nahitaezkoa, baitezpadakoa da ondoko belaunaldiei gure arbasoek eta aitona-amonek erabiltzen zituzten toponimoak helarazteko, zinez kultura altxor preziogabea osatzen baitute".
Salaberri eta Martinez de Madinarekin batera, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak egin dute aurkezpena. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea Gasteizko Udala izan da, hasieratik bertatik.
Argitalpena CD-ROM euskarrian eskaintzen da eta Euskaltzaindiak argitaratzen duen Onomasticon Vasconiae bildumaren 31. zenbakia da. Arratzuko toponimo historikoak eta gaur egun bizirik dirautenak biltzen ditu lan horrek.
Argitalpen hau Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen den bosgarrena da. Aurrekoak hauek izan dira: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza) (2009); Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria (2011); eta laugarrena Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz (2013).
Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua Arabako hiriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak -bai historikoak, bai eta bizirik dirautenak ere- biltzea, sailkatzea, aztertzea, eta normatibizatzea da.
12.000 agiri lekukotasun eta 1.497 toponimo sarrera
Hala, gaur Arratzua merindadeari dagokion lehen liburukia -Arratzua I- aurkeztu da. Izan ere, Gasteizko Arratzua merindadea 21 herrik osatzen dute; hori dela eta, duen hedadura zabalarengatik, hiru liburukitan aztertuko dira. Arratzua I da lehena eta bertan Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazuko leku izenak aurkeztu eta aztertu dira.
Gasteizko Toponimia egitasmoaren datu-baseak 400.000 sarrera ditu. Arratzua I toponimia ikerketarako 40.000 sarrera inguru baliatu dira. Gainera, Elena Martinez de Madinak azaldu duenez, 12.000 agiri lekukotasun eta 1.497 toponimo sarrera aurkezten dira, era honetan banatuak: Arkaia, 294 toponimo; Arkauti, 244; Betoñu/Betoño, 279; Elorriaga, 251; Gamiz, 177; eta Otazu, 252. Sarrera bakoitzean toponimoaren lekukotasunen lagina, bere etimologia, edo hipotesiak, eta zenbait datu historiko jasotzen dira.
Patxi Salaberrik adierazi duenez, “agirien azterketa sakona ez ezik, egileak guregana bizirik iraun duten izenak ere jaso ditu. Eta «bizirik iraun» diot toponimo batzuk hil eta beste batzuk sortzea gauza berezkoa izanik ere, hizkuntza aldaketak, lur biltzeak eta lurrari hain atxikia ez den egungo bizimoduak ondoriotzat agirietako izenetarik jendearen gogoan eta mihian ehuneko hamahiru bat besterik ez izatea ekarri dutelako”. Osagarri gisa, aurkibideak sartu ditu egileak, herriz herrikoak lehenik eta orokorra ondotik, bai eta ere «hitz nagusi» zerrenda bat, non hitz interesgarri anitzez lekora atzizkiak azaltzen diren orrialdeak ere eman baitira.
Azkenik, herrien mapak ematen dira, toponimoak bertan kokatuz.
Patxi Salaberri: “Lan hau nahitaezkoa, baitezpadakoa da”
Patxi Salaberrik arrazoi bat baino gehiago ikusi du argitalpenaren garrantzia azpimarratzeko: "Aintzat har bedi, gainera, aztertutako herriak hiriburutik biziki hurbil daudela, eta horregatik ere komeni dela toponimoak zuzen emanik egotea, hurbiltasunak industriagune eta mota guztietako instalazioak sorrarazten dituelako eta, bistan da, horiek ongi ipinitako izena izan behar dute, kokatuta dauden lekuarena, adibidez”.
“Bestalde -gaineratu du- eta laugarren liburukiaren aurkezpenean nioenez, Gasteiz garrantzi handiko lekua da euskararendako: dialektologialari batzuen arabera, hemengo euskarak eman die sorrera Bizkaiko eta Gipuzkoa-Nafarroetako alderdi bateko hizkerei”.
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.