Joan den ostiralean, otsailaren 26an, Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin zuen Lauro Ikastolan. Ekimena ikastolaren 50. urteurrenaren ospakizun ekitaldien barnean kokatzen da: 1966. urtean Azkue Ikastola, Lauroren aurrekaria, legeztatua izan zen, eta Akademiak behar zuen babesa eman zion.
Ospakizunei hasiera emanez, otsailaren 23an ikastolaren sortzaileak omendu zituzten, Bilboko Arte Ederren Museoan eginiko ekitaldian. Ondoren, Bilboko Elkano kalean 1966. urtean ikastola kokatu zen etxeko atarian, Euskaltzaindiak eta Lauro Ikastolak sinatutako plaka bistaratu zuten.
Osoko bilkura egiteaz gain, ostiralean ikastolako ikasleekin izan ziren euskaltzainak.