"Euskara Foru Aldundien ibilbidean" izeneko jardunaldia egin dute gaur, Bilbon, Euskaltzaindiak, Sabino Arana Fundazioak eta Zuzenbidearen Euskal Akademiak. Euskarak euskal herritarren erakunde-bizitzan izan duen erabileraz gogoeta egiteaz gain, Euskara Foru Aldundien zirkularretan: Bizkaia (1917-1919). Gipuzkoa (1918-1923) liburua aurkeztu dute eta itzultzaileen lana aldarrikatzeko baliatu dute unea.
Andres Urrutiak -argitaratzaile lana egin du-, Markel Olano eta Unai Rementeria Gipuzkoako eta Bizkaiko ahaldun nagusiek eta Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak aurkeztu dute liburua. Lanak, besteak beste, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien ekimenez, 1917. eta 1923. urteen artean euskarak izandako bultzada jasotzen du. Bultzada hori bertan behera geratu zen Gerra Zibilak eta Francoren diktadurak iraun bitartean. Argitalpena lantzeko, Andres Urrutiak Cesar Gallastegi Aranzabal eta Arantza Etxebarria Iturrateren laguntza izan du.
Hizlari guztiek itzultzaileen garrantzia azpimarratu dute beren-beregi: "Itzultzaileen lana ezinbestekoa izan zen. XIX. mendean, Bizkaiko Batzar Nagusietan Aita Uriartek hasitako bidea Bizkai-Gipuzkoetako aldundietara hedatu zen XX. mendearen bigarren hamarkadan. Hala ere, ordurako, euskararen pizkundearen euskarriak jarrita zituzten Resurrección María de Azkuek, Sabino Aranak, Arturo Kanpionek, Julio Urkixok eta abarrek".
Testuinguru horretan ulertu behar dira, lehenengoz, Bizkaiko Foru Aldundiak (1917an), eta geroago, Gipuzkoako Foru Aldundiak (1918an) hartutako erabakiak: euren lurraldearen barruko udal eta herritarrentzat agiri eta jakinarazpenak euskaraz idaztea, alegia.
Argitalpenak itzultzaile batzuen lana jasotzen du, hala nola, Juan Luis Biziola eta Mikel Arruzarena, Bizkaian; eta Gregorio Mujikarena, Gipuzkoan. Andres Urrutiak azpimarratu bezala, haiek egindako lana oso inportantea izan zen: "Euskararekiko atxikimendu eraginkorrak bide eman zuen euskara zuzenbide- eta administrazio-hizkeran nahiz kaleko hizkeran erabil zedin, eta gainera, sasoia zenean egindako lan horri esker, sendo bai sendo dabil gaur egun itzulpen arloa".
Urrutiaren esnetan, “Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berebiziko ahalegina egin zuten orduko beharrizanei erantzuteko moduko zuzenbide- eta administrazio-hizkeraren eredua finkatzen eta euskara harreman-hizkuntza gisa arruntean erabiltzen bi aldundi horien ohiko administrazio-zereginetan. Ahalegin horretan, Sotaren programa giltzarria izan zen Bizkaian. Sotak Kataluniako esperientziak batu zituen eta Bizkaian erabili; geroago, esperientziok Gipuzkoara hedatu ziren. Ingurumari horretan, Biziola eta Arruza, Bizkaian, eta Mujika, Gipuzkoan, garrantzi handikoak izan ziren, terminologia- eta itzulpen-lan izugarria burutu baitzuten, hizkuntza ikuspegi modernoz jantzita, azken batean, Lehen Euskal Gobernuaren (1936-1937) zuzenbide- eta administrazio-jardun elebidunaren aurrebideak hartu zituen euskararen moldea diskurtso-baliabide apainez hornituta”.
Gaur egin den jardunaldian hauek izan dira hizlari: Juan Madariaga Nafarroako Unibertsitateko Publikoko irakaslea, Andres Urrutia euskaltzainburu eta Zuzenbidearen Euskal Akademiaren presidenteordea, Joseba K. Pérez de Heredia Arabako Euskara, Kultura eta Kirol zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mikel Irizar Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia.
Informazio gehiago Sabino Arana Fundazioaren webgunean.