Joan den larunbatean, abenduaren 12an, Suzuko "Ainhoa" Tamura ohorezko euskaltzain japoniarra omendu zuten Tokion dagoen Waseda Unibertsitatean. Ekitaldian bere lankide eta ikasle izandako batzuk batu ziren, baita omenduaren familia ere. Tamurak sakonki ikertu eta bultzatu zuen ainu kulturako ordezkarien presentzia nabarmena izan zen.
Sho Hagio euskaltzale japoniarrak eman digu Suzuko Tamurari egin zaion omenaldiaren berri. Berak azaldu bezala, ekitaldi xumea izan zen: Suzuko Tamuraren lagunak elkartzea zen helburua eta, berari buruz hitz batzuk esan zituzten arren, "lehentasuna partaideen arteko elkarrizketari" eman zitzaion.
Ekitaldian, Suzukori buruzko album txikia osatu zuten. Albumaren barruan hainbat argazki jarri zituzten, tartean Ainhoa herrian eta Euskaltzaindiaren zenbait ekitalditan egindakoak. Suzukoren biografia eta lanen zerrenda laburra ere albumean daude. Bestalde, 2014an Waseda Unibertsitatean -bertako irakasle emeritua zen- Suzukok egin zuen azken irakurketaren bideoa ikusi zuten.
Amaieran, Suzukoren alabak hartu zuen hitza.