|
Datorren ostiralean, abenduaren 18an, Euskaltzaindiak eta Fryske Akademyk (Frisiar Akademia) lankidetza-hitzarmena sinatuko dute, Bilboko Udaletxean, eguerdiko 12:15ean. Abenduko Osoko bilkura Bilboko Udaletxean egingo du Euskaltzaindiak.
Frisiar Akademiaren izenean Hanno Brand zuzendariak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eurekin batera gainerako euskaltzainak izango dira.
Bi helburu nagusi ditu hitzarmenak: batetik, euskara eta frisiera hedatu eta indartzeko jarduerak antolatzea izango da bi erakundeon xedeetako bat; bestetik, Europako hizkuntza aniztasunaren inguruko ezagutza eta errespetua sustatzea helburu, Europa mailako hizkuntza gutxituen akademien arteko sarea sortu nahi dute.
Goizeko 10:00etan Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Koldo Narbaiza Euskara zinegotziak harrera egingo diete euskaltzainei. Ondoren, Akademiaren Osoko bilkura egingo da eta 12:15ean sinatuko da hitzarmena Frisiar Akademiarekin.