Datorren ostiralean, azaroaren 20an, Euskera agerkariaren zenbaki berriak aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak. Goizeko 12:15ean izango da, Bilbon, Akademiaren egoitzan. Hain zuzen ere, egun horretan egingo du Akademiak XX. Jagon Jardunaldia, "Hedabideak euskararen sustapenean" gaiari buruz.
Aurkezpena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak egingo dute, Jardunaldiaren atsedenaldian.
Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da. Berriki Emerging Sources Citation Indexeko (ESCI) datu-basean indizatzen hasi da. ESCI Thomson Reuters enpresaren Web of Science plataformaren edizio berria da.
2015ean, bi zenbaki argitaratu dira: batean, 2014. urteko Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa bildu dira, eta bestean, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak. Hala, bada, ostiralean bi liburuki hauek aurkeztuko dira: Euskera 2014, 59-1 eta Euskera 2014, 59-2.
Ikerketa-lanak bildu dituen liburukian, besteak beste, 2014an Donostian “Euskararen biziberritzea Euskal Herriko hiriburuetan” izenburupean egin ziren Jagon Jardunaldietako txostenak jaso dira.