Gaur, azaroaren 13an, Euskaltzaindiak argitaratzen duen eta Bernardo Atxaga euskaltzainak zuzentzen duen Erlea aldizkariaren zenbaki berria aurkeztu da Bilbon, Akademiaren egoitzan.
Aldizkaria eskuratzeko sakatu hemen.
Bederatzigarren zenbakia da, azkenaurrekoa, beraz, Erleak hamar zenbaki izango baititu. “Uste dut -esan du Bernardo Atxagak- sasoia dela atzera begiratzeko eta nik dagoeneko esan dezaket, zalantzarik gabe, hau izango dela, eta dela, euskal literaturak, euskal saiakera laburrak, euskal fikzioak izango duen laginik onena, etorkizunari begira”.
Horrek, gaineratu du, “ez du esan nahi, noski, hemen diren idazle guztiak daudela”. Baina bai, bere ustez, “hemen dauden egile eta artistak direla euskal literatura, XXI. mende hasierako buelta horretan”.
Antologia antzeko zerbait egin nahi zuen Asteasuko idazleak eta hala egin duela uste du. Bere alboan, Andres Urrutia euskaltzainburuak katea aipatu du. Erlea 9, bere hitzetan, “beste katebegi bat da eta oso polita, ohi bezalaxe. Punta-puntako egileekin eginda”.
Bederatzigarren zenbakiaren gai nagusiak frontoiak eta astronautak dira. Eta tartean sortu diren beste gaiak, ondo josten saiatu direnak. “Aldizkari bat -esan du Atxagak- ez da zaku bat, aldizkari batek muin bat eduki behar du, barruan haalko mezu poetiko jakin bat eduki behar du”. 9. zenbakian badago muin poetiko hori, eta frontoiek eta astronautek ematen diote, besteren artean, edukia.
Hiru gorringo
Pilota bere toki naturaletik atera eta, nolabait, espazio sideraletara eraman dute eta hor, lotu astronautekin, bidaiekin... Hori egin dute Erlea 9an, Atxagak esan duenez, “eta behin muin poetikoa sortuta, muin horrek uste baino gehiago ematen du, zerbait sortzen du”. Ohi bezala, aldizkarian irakur daitezke istorio batzuk aipatu ditu, eta leku batetik bestera nola heldu diren kontatu du. “Hiru gorringo ditu”, esan du, astronautez eta frontoiez gain, Kuba bihurtu baita hirugarren protagonista nagusi.
Aldizkarian, besteak beste, Miel A. Elustondok Martin Odriozola pilotaria elkarrizketatu du eta Patziku Perurenak -“Aimar Olaizolaren herriko izateak hainbesterako aitzakia ematen didala uste baitut”- Pilota-plazatik frontoira (Goizueta, 1895-1960) artikulua idatzi du. Eibarrek leku berezia du Erlearen zenbaki honetan eta bi artikulutan agertzen da: Eibarko kronika, Bernardo Atxagaren eskutik, eta Miel A. Elustondok, Isabel Vidarteri egiten dion elkarrizketan.
Emakumeen presentziaz, edo absentziaz, hitz egiten da aldizkarian. Pilotaren munduan emakumeak duen presentzia ezaz, hain zuzen ere: Imanol Bustinduik Frontoiak: emakumerik ez? artikulua idatzi du eta Joseba Luzuriagak honela adierazi du, Arte pilotakadak artikuluan: “...espero dezagun bizitzaren hurrengo partidetan pilota zerura jaurtitzen duen eskua emakumezko batena izatea...”.
Arantxa Urretabizkaia, Aurelia Arkotxa, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Juan Ramon Madariaga, Ixiar Rozas idazleek istorio bana idatzi dute. Astronauten inguruko pasadizotan murgiltzen dira Xabier Kintana -Bai, Laika zuen izena eta Astronautika komikietan-, Sebastian Gartzia Trujillo -Juri Gagarin kosmonauta- edota Piarres Aintziart -Lunatik-.
Badago gehiago: David Romtvedten hiru poema, Asun Garikanok euskaratuak, Maite Arroitajauregi “Mursego”ren Hiru inspirazio gazi istorioa, munduan zehar izan diren Jai Alai frontoien albuma... Poemaren atzeko aldea edota azkenaldiko liburuei buruzko foroa ere, zenbaki guztietan bezala, honetan ere badaude.
Erlea-9 honetan parte hartzen duten egileak honako hauek dira: Piarres Aintziart, Kepa Altonaga, Aurelia Arkotxa, Amets Arzallus, Maite Arroitajauregi, Bernardo Atxaga, Imanol Bustindui, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Aritz Galarraga, Sebastian Gartzia, Jacinto Iturbe, Koldo Izagirre, Xabier Kintana, Jon Kortazar, Joseba Luzuriaga, Juan Ramon Madariaga, Xabier Muguruza, Lourdes Otaegi, Patziku Perurena, David Romtvedt, Ixiar Rozas, Joseba Sarrionandia eta Arantxa Urretabizkaia.
Bestalde, azala Jose Antonio Azpilikuetarena da.
Pamiela argitaletxea arduratzen da Erlearen edizioaz eta diseinuaz
Urrezko Erlea
Honen ondoren 10. zenbakia, azkena, etorriko da, eta Antzerkia izango du gaietako bat. Eta horren ostean, Bernardo Atxagak eta Euskaltzaindiak proiektu berri bat izango dute, idazleak gaur iragarri duenez: “Urrezko Erlea" izeneko sari batzuk antolatuko ditugu”. Azpititulu bezala, 4 – 14 izango dute sariek, lanek lau eta hamalau orrialde arteko luzera izango dutelako. Hori baino lehen, hala ere, Erlea aldizkariaren azken zenbakia kaleratuko da datorren urtean.
Aldizkaria eskuratzeko sakatu hemen.