Juan Garzia idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazleak irabazi du Itzulpengintzako Euskadi Literatura Saria, William Shakespeareren Sonetoak euskaratzeagatik. Liburua bi CDrekin batera argitaratu zen, Aztarna argitaletxearen eskutik, Mikel Laboa Katedrak bultzaturik.
Juan Garziak itzulitako 154 sonetoez gain, kaleratu zen lanak bestelako ekarpenak biltzen zituen: Joxan Goikoetxea musikariak kanta bihurtu zituen sonetoetariko batzuk, eta euskal kantari multzo ezagun batek jarri zion ahotsa, Goikoetxearen beraren musika moldaeraz eta haren gidaritzapean. Bestalde, Koldobika Jauregi artista arduratu zen liburu-diskoaren alderdi plastikoaz.