Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa egingo duen lantaldea gaur, urriaren 14an, eratu da Eusko Legebiltzarrean. Taldeak parlamentu-lexikoa bateratzea du xede, ondoren Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa osatu ahal izateko. Hiztegi horretan zuzenbide parlamentarioaren alorrean erabiltzen diren terminoak jasoko dira.
Lantaldea Euskaltzaindiak koordinatuko du eta Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko, Eusko Jaurlaritzaren IVAPeko eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kideek osatuko dute. Esan bezala, gaur, Legebiltzarrean, egitasmoa landuko duen taldea eratzeko ekitaldia burutu da, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea buru zela. Andres Urrutia euskaltzainburua ere bertan izan da.
Gotzon Lobera eta Eneko Oregi izango dira, hurrenez hurren, lantaldearen koordinatzailea eta idazkaria; biok Euskaltzaindiaren izenean arituko dira. Horrezaz gain, erakunde bakoitzak ordezkari bana izango du: Jesus Mari Agirre Eusko Legebiltzarraren ordezkaria izango da; Ander Irizar, Nafarroako Parlamentuarena; Maite Imaz Eusko Jaurlaritza, Herri Administrazio eta Justizia Sailarena; Juan Luis Derteano Bizkaiko Batzar Nagusiena; Miren Irigoien (ordezkoa, Aitziber Eizagirre), Gipuzkoako Batzar Nagusiena; eta Ainhoa Sagardui Arabako Batzar Nagusiena.
Lantaldeak bi fasetan egingo du bere beharra: batetik, erakundeetako ordezkariek aurkeztutako datu-glosategiekin egingo du lan eta horretarako Euskaltzaindiak behar duen laguntza teknikoa eskainiko die; bestetik, adituen proposamenak aztertuko du eta horren gaineko erabakiak hartuko ditu.
Hori eginda, oinarrizko hiztegi juridiko eta parlamentarioa egingo da eta Euskaltzaindiaren Osoko bilkurari aurkeztuko zaio. Azkenik, Euskaltzaindiak onartu ondoren, hiztegia aurkeztuko dute eta argitalpen elektroniko bitartez hedatuko dute.
"Esku artean duzuen lana estrategikoa da guretzat, Eusko Legebiltzarrarentzat, euskarak batzen gaitu” azpimarratu du Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. Andres Urrutia Euskaltzainburuaren hitzetan, honelako egitasmoak landu behar dira: “Euskara bat eta bakarra dugu”.