Bai, berriz ere asteburu bikainaz gozatzeko aukera izan dugu Urepeleko txoko maitagarrian, Fernando Aire "Xalbador", Simun Ibarra "Zubikoa", Juan Joxe Eizmendi "Errexil", Deiadarra taldearen lagun eta laguntzaile izan zen Emile Larre adiskide zena eta beste hainbat bertsolari zahar goratu eta omenduz.
Ez da eguraldiaren aitzakiarik aurten, udazkeneko egun bare-barea izan baitugu nola larunbatez hala igandez ere, galdutako euri tanta bakarren bat ezik, baina besterik ez. Eguraldi epela, dotorea, ezin ederragoa horrelako ospakizun baterako. Eta urtero Urepelen biltzeko ohitura dutenak, pozik.
Larunbat arratsaldean, zazpiak pasatxoan, hasi zen Kalaka talde bikainaren kantaldia, herriko elizan. Emanaldiak berak bakarrik mereziko luke kronika luze eta sakon bat, baina bego aipamen hutsean oraingoz. Ehun eta berrogeita hamar bat lagun –gazteak gehienbat– bildu ziren saioa entzuteko. Gutxitxo halako emanaldi baterako, agian, baina saioa ezin ederrago. Ez dute aitzakiarik izango han bildu zirenek.
Ondoren, lagunarteko afarian, berrehun bat lagun bildu ziren, afariaz eta, tartean, Xendarineko ahizpen saioaz gozatuz. Ordu txikiak arte iraun zuen festak.
Igandean, urriaren 11n, goizean goiz abiatu ziren garaiz esnatu ziren ibiltariak Urepele inguruko bideetan barrena. Norbaitek esan zigun lehenengo aldiz heldu zela Urepelera, eta harri eta zur zegoela inguruaren eta egunaren ederra ikusita, eta ez zuela hutsik egingo aurrerantzean.
10:30etako mezan, berriz, Xalbador eta Leoni, eta familian hildakoak gogoratu ziren. Halaber, Zubikoa eta Errexil, E. Larre, Joxe M. Aranalde, Joakin Berasategi, Mikel Atxaga, eta zendutako bertsolariak eta bertsolarien lagunak. Eta meza amaitzean, urteroko ohitura denez, lore-eskaintza Xalbadorren hilobian. Mitxel Xalbador eta Lakaren tonuari heldu eta Agur Jaunak kantatuz amaitu zen hilerrikoa.
11:30ean, Zubikoa eta Errexilen argazkia erakusketa, omenduen garai bateko bertsoak entzunez. 1963an Zubikoak eta Xalbadorrek Alduden kantatu zituztenak alde batetik –Mitxel Itzaina zuten gai-emaile–, eta 1965eko jaialdian Irazoki zenaren esanetara, Errexilek, Mattinek eta Xalbadorrek Urruñan kantatuak bestetik. Bertso horiek entzuteko aukera, Bankan bizi den Zubikoaren familiari eta Euskadi Irratiari zor zaizkie. Mila esker Deiadarra eta bertsozaleen izenez. Eta jarraian, hitzaldi laburra, Errexil eta Zubikoaz. Denbora gutxian informazio asko eman zen bileran.
12:30ean, herriko plazan, herri kirolak, Donazaharre eta Mutrikuko taldeekin –ohitura bihurtu baita ikuskizun hau Joxe Mari Egaña eta talde biei esker–. Ondoren, Bizkaiko Salatzaile dantza taldearen saio ederra, Dantzari dantza, Kaxarranka eta abarrez osatutako programari lotuta.
Lagunarteko bazkarian 250 bat bazkaltiar bildu ziren aurten ere, Ondarroako eta Mutrikuko emakumeek prestatutako otorduan –Ez dute berriketako lana egiten horiexek ere. Bejondeiela!–.
Bazkalondoan, aurreskua, omenduen familien ohorez, eta bertsolariak: Amets Arzallus, Joxe Luis Gorrotxategi, Sebastian Lizaso eta Juan Joxe Eizmendi (Errexilen besoetakoa), eta Urepelez eta Xalbadorrez ahazten ez den Ameriketako bertsolari Jonhy Gurrutxet handia. Beste bertsolariek zirikatuta igo zen taulatura eta, bostok puntutan egin zuten saioak txalo zaparrada ederrak jaso zituen.
Hitz gutxitan esateko, asteburu gogoangarria aurten ere Urepelen. Eta Deiadarra taldea hurrengo urterako antolaketan hasteko prest berriro. Izan ere, 2016an beteko baitira Xalbador hil zela 40 urte, eta zerbait berezia antolatu nahi dute. Hurrengo urtean, bestalde, Teodoro Hernandorena txiki handia eta Emile Larre goratuko dira bereziki, iparraldeko bertsolaritzan behin-behineko eragina izan baitzuten nola batak hala besteak, Espainiako gerraren ondoren.
Urteak joan eta urteak etorri, hutsik egin gabe laguntzen duten Urepeleko Herriko etxeari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Euskaltzaindiari eta EITBri eskerrak eman behar dizkiegu, Deiadarra taldea eta bertsozale guztien izenean. Ia hurrengorako laguntzaile berriak ere erakartzen ditugun.
Joxemari Iriondo
2015-X-12