Urriaren 16an, Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak antolatua, "Piarres Larzabal sortzearen mendeurrena (1915-2015)" jardunaldia egingo du Euskaltzaindiak Baionan, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateko Tesi aretoan. Larzabal antzerkigile eta eragilea aztertuko dute bertan, Jon Casenavek esan bezala, "ez baita bakarrik idazlea izan, antzerki mailan eragilea izan baita".
Jardunaldiaren egitaraua (PDF, 186,7 KB)
Horrela da: Piarres Larzabal antzerkigile ezaguna izan zen eta bere obrak eragin handia izan zuen 60ko hamarkadan, baita hurrengo hamarkadatan ere. Horrela azpimarratu dute gaur Xarles Videgain Euskaltzaindiaren buruorde eta Iparraldeko ordezkariak eta Jon Casenave Literatura Ikerketa batzordeko kideak, Baionan egin duten agerraldian. Adierazi dutenez, Larzabalek kulturgintzan eginiko ekarpenaz hausnarketa egin nahi da jardunaldian, eta bereziki bi ildo nagusiri buruz egin nahi da gogoeta: "Larzabal Iparraldeko ondare literarioan duen tokiaz eta Larzabalen pedagogiaz, euskal literaturan izan duen eragin handiaz".
Emankor, eraberritzaile, bultzatzaile, aitzindaria. Casenavek azaldu bezala, "antzerkia, genero bezala, oso gutxi landua zen ordura arte". Gai eta formetan, unibertsoetan, generoetan, guztietan egin zituen ekarpenak. "Euskal mundutik gai asko landu du. Gainera, antzerki landutik ezaugarri anitz hartu eta euskaratu ditu, baina herri antzerkitik ere gauza asko ekarri du bere obrara". Horrezaz gain, "dohain berezia" zuen elkarrizketak eratzeko bere obretan, "horretan ere oso landua zen".
Irakasle eta pedagogo bezala ere "gutiz garrantzi handikoa izan da. Hizkuntzaren aldetik ere, ahozkotasuna eta orduko euskara landu zuen bere obran eta hori idatzita gelditzen da. Horregatik, irakaskuntzan ere, euskararen bilakaera aztertzeko, bere obrak balio du".
Hitzaldiak
Larzabalen alderdi ugari, beraz, ikusiko dira jardunaldian. Lau hitzaldi emango dituzte: Daniel Landart antzerkigile eta euskaltzain urgazleak Larzabalen biografiaz hitz egingo du; Isabel Etxeberria antzerki ikertzaileak Larzabalen antzerkigintza aztertuko du; Antton Luku antzerkigile eta antzezleak "Piarres Larzabal eta taulagaina" gaia jorratuko du; eta Patri Urkizu irakasle eta Literatura Ikerketa batzordeko kideak "Piarres Larzabalen antzerkiaren harrera Hego Euskal Herrian" izeneko mintzaldia emango du. Jon Casenave Literatura Ikerketa batzordeko kideak jardunaldiaren azken hitzak esango ditu. Bestalde, jardunaldien aurkezpena Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Ana Toledo Literatura Ikerketa batzordeko buruak egingo dute.
Jardunaldia arratsaldeko 14:30ean hasiko da eta 17:30ean amaituko.
Izena emateko:
- Euskaltzaindiaren egoitza. Tel: 94-415 81 55 edo
- Baionako ordezkaritza. Tel. 33 (0) 559 25 64 26.
"Mezua" eremuan adierazi jardunaldian izena eman nahi duzula. Doakoa da.