Datorren asteartean, urriaren 6an, Euskaltzaindiak “Piarres Larzabal sortzearen mendeurrena (1915-2015)” jardunaldia aurkeztuko du. Jardunaldia Akademiaren Literatura Ikerketa batzordeak antolatu du eta Larzabalek kulturgintzan eginiko ekarpenaz gogoeta egitea du xede. Aurkezpena Akademiaren Baionako ordezkaritzan egingo da, goizeko 11:00etan.
Piarres Larzabal idazlea 1915. urtean sortu zen Azkainen. Oso gazte hasi zen idazten eta hainbat aldizkaritan idatzi eta kolaboratu zuen: Eskualduna, Herria, Gure Herria, Enbata, Othoizlari, Aintzina. Nolanahi ere, batik bat antzezlanak idatzi zituen (ehunen bat) eta antzerki-lan horiei esker, antzerkigile gisa lortu zuen osperik handiena. Larzabalen antzerkigintzak eragin handia izan zuen 60ko hamarkadan, baita hurrengo hamarkadatan ere.
Enbata mugimendu abertzaleko kide izan zen, eta hartara, euskaltzaletasunaren eta abertzaletasunaren suspertzeak eragina izan zuen bere antzerkigintzan, eta horregatik, antzezlan askotan euskaltzaletasuna edo herritartasuna izan zituen hizpide.
Euskaltzain oso izan zen, 1963an izendatua.
Baionan egingo den aurkezpenean hauek mintzatuko dira: Xarles Videgain Euskaltzaindiaren buruorde eta Iparraldeko ordezkaria eta Jon Casenave Literatura Ikerketa batzordeko kidea.
“Piarres Larzabal sortzearen mendeurrena (1915-2015)” jardunaldia urriaren 16an egingo da Baionan, Paueko eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitatean, Tesi aretoan.