“Euskal literatura XX. mendean. Jon Kortazar. 25 urte” izeneko erakusketa zabalduko da bihar, urriaren 2an, Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilboko Plaza Barrian.
25 urte bete dira Kortazarrek izen bereko liburua plazaratu zuenetik eta urteurrena ospatzeko, Mundakako idazle, irakasle eta euskaltzain urgazlearen lanari buruzko erakusketa antolatu da. Urriaren 16ra arte zabalik egongo da Akademiaren egoitzan, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 14:00etara.
Literatura vasca: siglo XX liburua 1990ean argitaratu zen, gaztelaniaz, eta 2000. urtean euskaraz, Euskal literatura XX. mendean izenarekin. 25 urte hauetan, 7 edizio kaleratu dira eta horien guztien aleak erakutsiko dira.
Jon Kortazarren lanaren beste alderdi batzuk ere izango dira ikusgai: beste liburu batzuen aipamenak, itzulpenak, Lauaxetari buruz egindako ikerketak eta argitalpenak, argazkiak, oroigarriak edota objektu batzuk -Kortazarrek irabazitako Rosalía de Castro eta Lauaxeta Sarien ikurrak, Jose Hierro poetak Kortazarri egindako karikatura- besteak beste. Lauaxeta filma ere ikusi ahal izango da.
Bestalde, erakusketa hobeto ulertze aldera, liburuxka bat argitaratu da. Bertan, Xabier Etxaniz eta Kirmen Uribe idazleen artikulu bana jaso da, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. "Gure letretan murgildurik" da Etxanizena eta "Kritikariaren eskua" Uriberena.
Erakusketa Mungiatik Bilborako bidea egin du. Izan ere, martxoan egon zen ikusgai Bizkaiko herri horretan. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiak Mungiako Udalaren laguntza izan du bere egoitzara ekartzeko, eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Kutxa Fundazioak eta Mundakako Udalak ere beren laguntza eman dute.