Gaur, uztailaren 22an, urte beteko iraupena duen hitzarmena sinatu dute Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak. Udalaren izenean Gorka Urtaran alkateak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Gasteizko Toponimia egitasmoa da bi erakundeon arteko lankidetzaren emaitzarik behinena. Aurten bertan argitaratuko da bosgarren liburukia.
Xabier Kintana Akademiako idazkaria, Adolfo Arejita Iker sailburua, Erramun Osa idazkariordea eta Joseba Zabaleta kudeatzailea ere ekitaldian izan dira.
Gasteizko Udalaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana aspaldikoa da eta, besteren artean, Akademiak Udalari ematen dion hizkuntza aholkularitzan gauzatzen da. Esan bezala, egitekorik nabarmenena Gasteizko Toponimia egitasmoa da.
Egitasmoaren helburua Gasteizko udalerriko toponimo guztiak sistematikoki jasotzea da, hots, galduta edota desitxuratuta dauden toponimo ugariak berreskuratzea. 1996an hartu zuen bere gain Euskaltzaindiak Gasteizko toponimia berreskuratzeko lana, urte berean Gasteizko Udalarekin izenpetutako lankidetza hitzarmenean jaso zenaren arabera. Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina da egitasmoaren zuzendaria eta Elena Martinez de Madina teknikaria.
Gasteizko udalerriak hiria bera eta 64 herrixka hartzen ditu. 400.000 toponimo-erregistroz osaturiko datutegian oinarritzen da ikerketa, eta bi urtetik behin liburuki bat argitaratzen da “"Onomasticon Vasconiae" bilduman. Orain arte lau liburuki argitaratu dira: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria); Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza); Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria eta Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz.
Hurrengo helburua Gasteizko Toponimia V, Arratzua I/ Toponimia de Vitoria V, Arratzua I izeneko liburukia argitaratzea da. Ondo bidean, liburukia aurtengo udazkenean aurkeztuko da.
Gasteizko Arratzua merindadeko herriak 20 dira. Udazkenean aurkeztuko den lehenengo liburuki horretan, sei baino ez dira aztertuko: Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazu. Gainerakoak aurrerantzean argitaratuko diren bi liburukitan bilduko dira. Hori dela eta, egitasmoaren fase honi Arratzua I izena jarri zaio.
Bestalde, Patxi Salaberri Zaratiegiren zuzendaritzapean, 2015ean bertan, Gasteizko Toponimia VI, Arratzua II/ Toponimia de Vitoria VI, Arratzua II liburukia lantzeari ekingo dio Elena Martinez de Madinak. Bigarren horretan, Aberasturi, Andollu, Argandoña, Askartza, Bolibar, Uribarri Nagusia/ Ullibarri De Los Olleros eta Villafranca aztertuko dira.
Udalak 63.000 euro jarriko ditu, Euskara Zerbitzuaren aurrekontutik.