|
Datorren ostiralean, uztailaren 17an, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean, goizeko 11:00etan.
Elkartearen izenean Mikel Garmendia Ugarte presidenteak sinatuko du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Bi erakundeen arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da.
Besteak beste, hitzarmen horren ondorioz, Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, EIZIEk bere esku dituen hainbat argitalpenen euskarazko testu-masa -Senez aldizkariko, Literatura Unibertsala, Urrezko Biblioteka eta Itzultzaile aitzindariak bildumetako eta 31 eskutik blogeko testuak- Akademiaren eskuetan jarriko da.
Hori dela-eta, hitzarmena sinatuko den ekitaldian bertan, Lexikoaren Behatokiari buruzko azalpenak emango ditu Andoni Sagarna egitasmoaren zuzendariak.
Lexikoaren Behatokia egitasmoak ikerketarako eta kontsultarako testu-corpus bat prestatzea du oinarrizko lana, etiketatua eta linguistikoki anotatua. Corpus hori osatzeko, Akademiak hitzarmenak sinatu ditu zenbait komunikabide, argitaletxe eta elkarterekin, hauek argitaratzen dituzten euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jar ditzaten. Akademia, Elhuyar, UZEI eta EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldearekin garatzen ari da egitasmoa.