Joseba Sarrionandiaren ahotsak eman dio hasiera gaur, ekainaren 5ean, Bilboko Arriaga antzokian egiten ari den Narrazio guztiak liburuaren irakurketa jarraituari. Iluntzeko 20:00ak arte iraungo du eta 400 pertsona inguruk jarriko diote soinua Sarrionandiaren liburuari. Urtero bezala, Bilbo Zaharra Forumak antolatu du.
Hau da Klasikoen Irakurketa egitasmoaren zortzigarren edizioa. 2008an Axularren Gero irakurri zen, 2009an Mogelen Peru Abarca, 2010ean Jon Miranderen Haur besoetakoa, 2011n Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso, 2012an Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, 2013an Bernardo Atxagaren Obabakoak eta iaz Gabriel Arestiren Harri eta herri.
Euskaltzaindiaren aldetik, urtero bezala, kide batzuk parte hartzen ari dira. Esan bezala, liburuaren lehenengo hitzak Joseba Sarrionandiak berak irakurri ditu eta bere ahotsa grabazio bidez entzun da. Ondoren 400 lagun inguruk pasarte bana irakurriko dute, txandaka. Andres Urrutiak, Adolfo Arejitak, Xabier Kintanak eta Erramun Osak irakurri dute jada. Jose Luis Lizundia geroago irakurriko dutenen artean dago.
Aste osoan, jardunaldiak
Bestalde, gogoratu behar da aurreko hiru egunotan Euskaltzaindian egin diren jardunaldiak, Iurretako idazleari buruz. Asteartean, ekainaren 2an, Bernardo Atxagak parte hartu zuen; asteartean Juan Jose Ibarretxek eta Karmelo Landak; eta ostegunean Aiora Jakak eta J.E. Urrutia Capeuk.