Gaur, ekainaren 2an, Institut Géographique Nationalek (IGN) eta Euskaltzaindiak bost urteko iraupena izango duen lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bordelen, IGNren bulegoan. Hitzarmenak, batez ere, toponimia arloari dagokio, Akademiak egindako zerrendak eta proposamenak aintzat hartzen baititu IGNk, Ipar Euskal Herriko euskal toponimoak erabakitzeko orduan.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Christine Tessier IGNren Akitaniako ordezkaritzako zuzendariak sinatu dute hitzarmena. Eurekin batera, Xarles Videgain Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaria, Patxi Salaberri Onomastika batzordeko burua, Erramun Osa Akademiako idazkariordea eta Philippe Abadie IGNren Kanpo Harremanetarako burua izan dira.
Institut Géographique Nationala frantses estatuko egitura handiko erakundea da eta, besteren artean, informazio geografikoa lantzen du eta mota askotariko mapak argitaratzen ditu.
IGN-k badu leku-izenak biltzen dituen Toponimia batzordea, izen bakoitzak zein forma izan behar duen erabakitzen duena. Hori dela eta, euskarazko toponimian IGNk badu zer esanik, eta Euskaltzaindiarekin lankidetzan aritzea garrantzitsua da. Izan ere, euskarazko toponimoei dagokienez, Akademiak egiten ditu zerrendak eta proposamenak eta IGN-k kontsultatzen ditu Ipar Euskal Herriko leku bakoitzari eman behar zaion forma erabaki aitzin.
Orotara, Euskaltzaindiak 12.000 toponimo ikertu behar ditu, 1:25000 eskalako mapetan agertuko direnak. Akademiaren xedea, euskararen arauak eta euskararen sena toponimo horietan kontuan hartzea da.