Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedraduna Euskaltzaindiaren egoitzan izan da gaur, apirilaren 29an; Xabier Kintana idazkariaren eta Erramun Osa idazkariordearen eskutik bisitatu du Akademia.
Gaur bertan, iluntzeko 19:30ean, "El euskera y los orígenes del castellano: ideología y filología" izeneko hitzaldia emango du Bilbon, Sabino Arana Fundazioaren egoitzan. Fundazioaren eta Akademiaren arteko elkarlanaren emaitza da, Euskaltzaindiak gonbidatuta etorri baita Moreno Cabrera.
Juan Carlos Moreno Cabrera Filosofia eta Letretan doktore, eta Hizkuntzalaritza Orokorreko katedraduna da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Ezaguna da oso, espainiar hizkuntza-nazionalismoaren aurrean duen jarrera kritikoengatik. Hizkuntza gutxituen alde hitz egin izan du beti.
Hizkuntzalaritzarekin eta kultur aniztasunarekin lotutako UNESCOren hainbat batzordetako kide izan da. Zenbait batzorde zientifikotan ere parte hartzen du, eta hizkuntzalaritzari buruzko aldizkari ugaritan idazten du. Hogei bat libururen egile, azkena aurten bertan kaleratu du: Errores y horrores del españolismo lingüístico (Txalaparta, 2015).
2014an, Ramón Llull Saria jaso zuen, hizkuntza guztien berdintasunaren eta duintasunaren alde egin izan dituen ekarpen akademikoengatik.