Euskaltzaindiaren eta Sabino Arana Fundazioaren ekimenez, gaur, apirilaren 17an, "Denon esku dago euskara biziaraztea" mintegia egin da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Mintegiaren xedea euskararekiko zenbait alderdi aztertzea izan da, XIX. mendeko azken aldetik abiatuta.
Izan ere, aurten bere dira 150 urte Sabino Arana jaio zela. Hori dela eta, XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hasiera kontuan hartu dituzte antolatzaileek, eta bitarte horretan zeuden gure hizkuntzarekiko aurreiritzi eta jarrerak aipagai izan dituzte gaur. Era berean, euskarak “orain dituen ahultasun eta mehatxuak nahiz irekitzen zaizkion aukerak" ere hizpide izan dituzte.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioko presidenteak eta Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak hasiera eman diote egunari, eta mintegiaren helburua azaldu. Ondoren, mintegia hasi da. Hizlariak honako hauek izan dira:
- Joseba Agirreazkuenaga ikertzaile, katedradun eta euskaltzain urgazlea: Euskararen aldeko eta aurkakoak, hizkuntza ofizialen garaian (1794-1919). Euskal hiztunen paradisua museoan
- Igone Etxebarria euskaltzain urgazle eta Labayru Ikastegiko kidea: Sabino Arana eta euskara: ideia ardatz batzuk
- Mikel Zalbide ikertzaile eta euskaltzain osoa: XX. Mendeko hizkuntza-plangintza, Sabino Aranaren 1901eko saioaren argitan
- Xabier Kintana idazle eta euskaltzain osoa: Euskararen batasuna XXI. mendean indarberritzen segitzeko antzematen diren ahuleziak, mehatxuak eta aukerak
Joseba Agirreazkuenaga: Euskararen aldeko eta aurkakoak, hizkuntza ofizialen garaian (1794-1919). Euskal hiztunen paradisua museoan
Joseba Agirreazkuenagak 1794tik 1919ra bitarteko une historikoa izan du hizpide.
Frantses eta espainiar estutuetan euskaldunak “baztertuak” izan zirela adierazi du. Une historikoari erreparatu dio, eta honela azaldu: “Frantziako Errepublikan berdintasunaren izenean eta giza eskubideak aldarrikatu ostean, agintari berriek hizkuntza ofizial bakarraren ideologia indarrean jarri zuten. Frantsesa izango zen aurrerantzean ofizialki onartutako hizkuntza bakarra eta bestelako hiztunak baztertuak izango ziren. Era berean, nazio-estatu berrietan, Frantzian eta Espainian, euskal hiztunak baztertuak izan ziren. Ideologia berriak baliozko eta baliogabeko hizkuntzen sailkapena ezarri zuen indarrean eta beraz, gizarte berrian ongizatea lortzeko halabeharrez baliozko hizkuntzak soilik agiri ziren baliagarri”.
Egoera horren aurrean, euskaldunek “portaera eta joera desberdinak” azaldu zituzten. Bere esanetan, “diskurtso ideologiko berriak XIX. mendean barrena azaldu ziren. Halere, orobat euskara batua euskaldunen ardura zela aldarrikatu zuten batzuek eta besteek, euskara gizarte modernora egokitzearen beharra alegia. Mintzairatik hizkuntza formalerako jauzia egin behar zela, hizkuntzaren erabilera arlo guztietara hedatuz”.
Data batzuk ekarri ditu gogora: 1864an, esaterako, urte horretan Gernikako Batzar Nagusietan, “euskara euskal naziotasunaren adierazle zela” aldarrikatzen hasi baitziren.
1877. urteari ere begirada eman dio Agirreazkuenagak, urte horretatik aurrera euskal pizkundea indartu zen-eta. Adierazi duenez, “Hegoaldean euskal abertzaletasunak bere egitasmo politikoen artean sartu zuen euskararen ezagutza gaitasun modernora egokitzea. Iparraldean aldiz, euskararen etorkizuna ez zen egitasmo politikoen esparrura lotzen.”
1919. urtea aintzat hartzekoa da. Joseba Agirreazkuenagak gogora ekarri duenez, “urte horretan idatzi zen Autonomiarako Estatutu egitasmoan, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zen”.
Igone Etxebarria: Sabino Arana eta euskara: ideia ardatz batzuk
Igone Etxebarriaren esanetan, “XIX. eta XX. mendeen arteko mugan, euskararen eztabaida pil-pilean egon zen. Alde batetik, abertzaletasunaren kontzeptu politikoaren alde egin zutenentzat, euskara ezinbestekoa zen, hizkuntzak egiten gaituelako euskaldun. Beste batzuek, ideologia politikoak eraginda edo hizkuntzaren ikuspegi bestelakoa zeukatelako, ez zuten ikusten euskara beste hizkuntzen parean jartzeko modukoa zenik”.
“Sabino Aranaren lanera etorrita, helburu politikoa linguistikoari gailentzen zaiola esan daiteke. Haren esaldia Euskotarren Aberria Euzkadi da zuztar guztiak eragin zituen XX. mendearen hasierako gizartean. Baina euskara helburu politiko horren ardatzik handienetako bat da, ez dago Euskadirik euskararik gabe, euskarak egiten gaitu euskaldun”.
Etxebarriaren ustetan, Sabino Aranaren eraginik handiena euskarari dagokionez, “abertzaleen kontzientzietan egin zuena izan zen. Abertzalea izateko euskalduna izan behar zelako mezuak jende asko erakarri zuen gure hizkuntzara. XX. mende hasieran zenbat euskaldunberri egin ote ziren. Haren mezuari esker, jende asko sartu zen euskararen aldeko lanean, bere jarraitzaile politikoak mezu hori zabaltzen ahalegindu ziren”.
Eta honako hau gaineratu du: “Mende hasiera horretan garatu zen Euskal Pizkundeak asko zor dio Sabino Aranaren bultzadari. Ez dugu esango berak ekarri zuenik mugimendu euskaltzale, kulturgile aberats hori; baina hark kulturako giro bero horri egitasmo politiko bat ezartzea eta egitasmo horretan euskara ardatza izatea, ez dago zalantzarik eragingarria izan zena guztiz”.
Mikel Zalbide: XX. mendeko hizkuntza-plangintza, Sabino Aranaren 1901eko saioaren argitan
Mikel Zalbidek lau galdera konkreturi erantzun nahi izan die gaurkoan: a) Zer da hizkuntza-plangintza?; b) zer plangintza-saio egin zen 1901ean, eta zer planteatu zuen bertan Sabino Aranak? c) zer ekinbide eta zer saio izan du gure arteko hizkuntza-plangintzak, XX. mendean zehar, eta d) nola defini litezke ekintza-saio horiek Sabino Aranaren 1901eko paradigmaren argitan?
Lehenengo galderari dagokionez, “Hizkuntza batek (hots, hizkuntza horrezaz baliatzen diren edo baliatu nahi luketen hiztunek) gizarte mailan ditu(zt)en arazo kolektiboei irtenbide adostua bilatzen saiatzen da, aditu baten esanean, hizkuntza-plangintza. 1969tik aurrera -gaineratu du- Heinz Kloss-en eskutik, bitan banatu izan da hizkuntza-plangintza: status-plangintza eta corpus-plangintza”.
Jarraian, 1901eko irailean, Hendaian egin zen biltzarra izan du hizpide. Argitu duenez, “euskararen ortografia bateratzea (zehazkiago, bateratzeko urratsak egitea) izan zuen biltzar hark helburu. Sabino Aranak aurkeztu zuen Hendaian, dakigularik, idatzizko proposamen bakarra. Berea izan zen euskararen ortografia bateratzeko biltzarkideen aztergai izan zuten metodologia-proposamena eta lan-agenda”.
Mikel Zalbideren esanetan, “honako elementuok ditu, funtsean, Sabino Aranaren 1901eko txostenak: a) ongi berezi beharreko atal bi ditu hizkuntza-plangintzak: beste hitz batuekin esanik, corpus- eta status-plangintza; b) corpus-plangintzan jardutea alferlana da kasik, status-plangintza koherente batean txertatzen ez bada; c) eskola ez da, eta ezin liteke izan, ahuldutako euskara sendo indarberritzeko motore. Hartarako lagungarri on (eta, hainbatean, ezinbesteko) izan liteke, baina tren osoa bere kabuz aurrera eramango duen lokomotorea ez; d) euskalgintza osoa giza arteko mintzajardunaren perspektiba sozialean txertatu behar da”. Zalbidek esan duenaren arabera, txostenak Sabino Aranaren beste irudi bat ematen digu, “ezagutzen ez genuena”.
Hortik aurrera, XX. mendean, saio asko egin dira hizkuntza-plangintza arloan, asko eta oso perspektiba ezberdinetatik abiatuta. Eta saio horiek guztiak ikusita, esan daiteke “Sabino Aranaren ideiak ez zirela Hendaian ustelduta galdu”.
Xabier Kintana: Euskararen batasuna XXI. mendean indarberritzen segitzeko antzematen diren ahuleziak, mehatxuak eta aukerak
Xabier Kintanak euskara batua goraipatu du: “Euskaldunok gai izan gara, Euskaltzaindiaren gidaritzapean, lehen gure hizkuntzari aurpegiratzen zizkioten barne-gaitzak gainditzeko. Dialektotan banaturiko mintzaira izatetik hizkuntza batu eta estandarra izatera igaro da. Gehiegizko garbizalekeria girotik, gaurko euskarak, bere lexiko patrimoniala hitz berriekin osatzeaz gainera, nazioarteko terminologia ere bereganatzen du. Irakaskuntzarako ere egoki moldatu da, eta oinarrizko bibliografia euskaraz prestatu dugu azken urteotan. Argi frogatu da, beraz, euskarak kultura eta zientziarako balio duela”.
Hala ere, oztopo ugari dago oraindik. Bere esanetan, “aurreko politika zentralisten ondorioz, oraindik hor gelditzen zaigu, inertziaz, desafio berri bat, jende batzuek euskara erabiltzeko ohiturarik eza, eta elebitasun ofizialak horixe eskatzen du eguneroko jardunean: publikoki herritar guztiei berdintasunezko tratua eskaintzea. Hau da, erdaldunari edozein tokitan aspaldian eman eta garantizatzen zaiona: euskaldun hiritarra ere aintzat hartu izan eta bere hizkuntzan tratatua izatea, bai ahoz eta bai idatziz ere”.
“Horretarako -gaineratu du- ez dago ezinezkorik, eta borondatea nahikoa da. Izan ere, azken urteotan, gure hiri nagusietan batez ere, gaztelaniaz gainera, atzerrikoaren fabore, frantses, ingeles eta alemanez ere eskaintzen zaio zerbitzua arrotzari”.
Euskara bizitza publikoan baztertzen dela esan du, eta “portaera honek euskarari aurrera egiteko hegoak mozten dizkio, eta nahitaez heriotzara darama. Paisaia linguistikoa, hau da, inguratzen gaituzten kartelen hizkuntza ia bakarrak gaztelania eta frantsesa diren bitartean, euskaldunok gurea ez den herrian bezala biziko gara, eta bigarren mailako hiritarrak izango gara”.
“Salbatzeko -esan du Xabier Kintanak- euskarak kaleko erabileraren borroka irabazi beharra dauka”. Bere hitzetan, “Euskal Herriko hizkuntza ofizial biak berdintasunean erabiltzea lortzen ez den bitartean, euskaraz bizi nahi duten hiritarrek bereizkeriaz diskriminaturik segituko dute beren herrian bertan”.
Erramun Osa: "Euskarak denon beharra du"
Amaitzeko, Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordeak hartu du hitza. Jardunaldiaren helburua "gogoeta sustatzea" dela esan du: "Gaurko errealitatetik abiatuz, Sabino Aranak egin eta esan zituenak aztertzeko, baita Sabino Aranaren aurreko, garaiko zein osteko errealitatean murgildu ahal izateko ere. Duela ehun eta berrogeita hamar urte jaio zenaren itzala -esan du- ez da abertzaletasunera, ez eta kontzientzia nazionala eta subjektu nazional baten osagaiak eta ikurrak sortzera mugatzen.
Hizlariek jorratuko gaiak aipatu ditu ondoren. Haiek esandakoek gogoeta ez ezik, errealitatearen diagnostiko azkarra egiteko ere balio dute: "Bidea ez dago erabat egina, baditugu egitekoak euskara indarberritzen segituko badugu... euskarak denon beharra du".
Eta mintegiaren goiburua ekarri du gogora: "Gaurko mintegiaren goiburuak jaso duen bezala, denon esku dagoelako euskara biziaraztea, inoren eskuetan badago... guk geuk ere baitiogu Sabino Aranak duela ehun urte pasatxo esandako hura, “euskara ez dago hilik... eta maite dugulako ez diogu etsipenik eman nahi eta beraren gaitza ikertzera gatoz bere onera ekartzearren”.