Orotariko Euskal Hiztegiaren laugarren argitaraldia sarean dago jadanik. Argitaraldi berri honetan, lan nagusia Auspoa bildumatik ateratako corpus bateko adibideekin OEH osatzea izan da. Hala, bada, 26 liburuko corpus bat osatu da, gehienbat herri kutsuko eta XX. mendeko obrez osatua, baina zaharragoei ere tartea eginez. Bertsio berriak, guztira, ia 1.310 sarrera berri -sarrera nagusi, azpisarrera eta adiera berri- ditu.
OEHren lehen bertsioa paperean argitaratu zen. Azken liburukia -hamaseigarrena- 2005ean kaleratu zen, eta handik lau urtera, 2009an, hiztegi osoaren oinarrizko bertsio elektronikoa sarean jarri zen. 2011n, bigarren argitaraldia eskaini zuen Akademiak eta 2013an, hirugarrena.
Bigarren argitaraldian, 2005. urtean paperean agertu zen lehen edizioari -hutsak zuzentzeaz gainera- hainbat eratako aldaketak egin zitzaizkion; hauen artean aipatuko ditugu hasierako bost liburukien berrikuspen sakona, edo Lazarragaren liburua OEH-ren corpusari gehitzea.
Hirugarrenean, gainerako hamaika liburukien berrikuspena egin zen, adierak gehiago bereizteko eta zehazteko ahaleginak eginez, baita azpisarrera gehiago (esapideak, hitz elkartuak, kolokazioak, e.a.) sartuz. Honez gainera, testu zahar labur batzuekin eta XVIII. mendeko Birjinia nobelarekin osatu zen corpusa.
Auspoa bildumako 26 liburuko corpusa
Esan bezala, eta aurrekoetan egin ziren antzeko zuzenketez gain, 2013-2014 tartean burutu den laugarren argitaraldi berri honetan, lan nagusia Auspoa bildumatik ateratako corpus bateko adibideekin OEH osatzea izan da. Izan ere, arruntzat eta egunerokotzat jotzen genituen hitz, esapide edo egitura gramatikal batzuen lekukotasun eskasaz konturatuak ginen behin baino gehiagotan.
Hutsune hauek betetzeko, Auspoa bildumaren digitalizazioak eskaintzen duen ondareaz baliatuz, herri literaturako adibideei OEH-n sarrera handiago emateko asmoa hartu genuen. Honetarako, 26 liburuko corpus bat osatzea erabaki genuen, gehienbat herri kutsuko eta XX. mendeko obrez osatua, baina zaharragoei ere (hala nola Frantziako Iraultzari edo Frantzesteari buruzko bertsoei) tartea eginez.
Berrikuspen honen ondorioz, sarrera, azpisarrera edo adiera berri asko (guztira 1.310) daude argitaraldi honetan; gainerakoak ere adibide berriez aberastu direlarik, horien artean asko lehenago testuetatik ateratako lekukotasunik ez zutenak (azken hauek guztira 362).
Aldaketa hauetako bakar batzuk aipatuko ditugu erakusgarri gisa:
- a) Sarrera, azpisarrera eta adiera berriak: adibidez, galtzagabe 'sans-culotte', Frantziako Iraultzaren garaiko bertso batzuetan irakurtzen dena. Edo ika-mika (izen eta adberbio), lehen OEH-n sarrerarik ez zuena. Baita BARRENAK DEITU ('barrenak agindu'), edo askitu-ren hirugarren adiera berria ('-tzeko moldatu, konpondu').
- b) Lekukotasun gutxiko hitzetan (edo testu idatzietako lekukotasunik gabekoetan) adibide berriak: adibidez, ameto sarreran aurreko argitaraldietan ez zen testuetatik ateratako adibiderik ematen, oraingoan, berriz, bost adibide ematen dira, AMETO EGIN, AMETO EMAN eta aditza ezabaturiko erabilerarako.
- c) Hitz baten datazio aldaketak: MEZETAN, aurreko argitaraldietan, Txirritagan lekukotzen zen aurreneko aldiz; oraingoan, berriz, lehen adibidea XVIII. mende bukaerako bertso batzuetakoa da.
- d) Lekukotasunen kopurua gehitua:
- ZELATA EGIN, Landuccik, Larramendik eta Añibarrok dakarten esapideak, aurreko argitaraldietan adibide bakarra zuen, Leizarragarena; oraingoan XX. mendeko bat gehitu zaio.
- zartatu-n, hiztegietako aipamenez gainera, Duvoisinen bi adibide bakarrik agertzen ziren; orain berriz XX. mende hasierako adibide bat eta bukaerako beste bat ere agertzen dira.
- Etxero 'etxe bakoitzean' hitzak lekukotasun bakarra zuen, eta haren esanahia zalantzazkotzat ematen zen; 4. argitaraldian beste hiru adibide ematen dira, esanahia bermatuz.
- e) Auspoa bildumatik ateratako corpus honetako gaiez gain, beste batzuk ere erabili dira, hala nola Azkue Bibliotekan gordetzen diren hitz-zerrenda argitaragabeak (horien artean, adibidez, Aita Iraizozek bildutakoa, edo Azpeiti eta Azkoitiko artxiboetatik ateratakoa).
Hainbestez, eskaintzen dugun 4. argitaraldi hau OEH-ren etengabeko eguneratzean eta hobekuntzan beste urrats bat dela uste dugu.