Martxoaren 1ean, Joshua A. Fishman hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil zen, 89 urte zituela. Euskal Herrian batez ere hizkuntza-soziologiaren aita ponteko gisa da ezaguna, baina jakituria-eremu zabalagoak landu zituen. Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen 2010eko urtarrilaren 29an.
Hizkuntza gutxituen gainbeherakada eta bizirik irauteko arazoak hobeto ulertzeko, beste hainbat hiztun-elkarte ahul edo txikiren egoera aztertu zuen mundu osoan. Hizkuntza horietako bat euskara izan zen, eta Euskal Herriarekin hainbat harreman izan zituen. Hala, euskararen egoerak isla izan zuen bere hainbat liburutan, bereziki Reversing Language Shift... liburuan, non frisierari eta euskarari kapitulu osoa eskainia zien.
Joshua Fishman (1926) judu-amerikarra New Yorkeko Yeshiva Unibertsitateko ikerketarako katedradun emeritoa zen. Bere ikergaien artean honako hauek aipa litezke: hizkuntza-soziologia, hizkuntza eta etnizitatea, hizkuntza-plangintza, hezkuntza elebiduna, yiddish hizkuntza eta, azkenik, antropologia medikoa.
Lehenengo lauak dira euskaltzaleontzat, dudarik gabe, interesgarrienak.
Hizkuntza-soziologia. Hizkuntza eta gizarte-sailkapenen arteko loturak era askotara azter badaitezke ere, Fishmanek behin eta berriro oso galdera jakinak planteatzen ditu: nork nori zein baldintzatan egiten dio zein hizkuntza?; hizkuntza-erabilera, hizkuntzekiko eta hiztunekiko iritzi, jarrera eta jokabide horiek nola doaz aldatuz denboran zehar?; eta erabilera-, iritzi-, jarrera- eta jokabide-aldaketa horiek zer harreman dute era guztietako gizarte-aldaketekin? Hizkuntza-soziologia klasikoa, Fishmanen definizioan, honako hau da: mintza-jardunaren giza arteko moldaera, hizkuntzei eta hiztunei buruzko iritzi-jarrerak barruan direla. Gai hauek guztiak bereziki landuak ditu bere The sociology of language: an interdisciplinary social science approach to language in society (1972) liburuan.
Hizkuntza eta etnizitatea. Fishmanek sarri azpimarratu ohi duenez etnizitatearekin, erlijioarekin, ideologiekin, alderdi politikoekin eta hizkuntzen aldeko mugimenduekin loturik egon ohi da hizkuntza. Lotura horiek aztertu nahi izan ditu berak, bai oro har eta bai, bereziki, hiztun-herri txikien alorrean.
Hizkuntza-plangintza. Honako gai hauek aztertu ditu Fishmanek hizkuntza-plangintzaren sailean: corpus-plangintzak status-plangintzaren xedeak nola islatzen dituen; albo-hizkuntza indartsutik urruntzeko ahaleginak (Ausbau-saioak), garbizaletasuna, hizkuntza klasikorantz hurbiltzeko ahaleginak, pan-mugimenduak; idazteko sistemen sorrera, estandarizazioa eta berrikuntza; hizkuntza-plangintzarako akademien eta antzeko agentzien jarduera. Hori ere hiztun-herri txikien alorrean aztertu du bereziki.
Hezkuntza elebiduna. Estatu Batuetako hezkuntzari eskaini dion berariazko arretaz gainera era guztietako hezkuntza-sistema elebidunak aztertu nahi izan ditu: bai sistema publikoak eta bai hiztun-elkarteek beren kabuz antolatutakoak. Egoera elebidunetan nork bere hizkuntza bizirik gordetzeko egiten diren ahaleginak bereziki izan ditu gogoan: bai jatorrizko hiztunen ezagupenak aberastea helburu duten saioak eta bai bertako beste hizkuntza irakastea xede dutenak. Aztergai izan ditu, orobat, praktika eta jokabide horietarako justifikazioak eta ideologiak. Aurrez aurre aztertuak ditu, azkenik, ahuldutako hizkuntzak indarberritzeko asmoz egiten diren ahaleginak.
Euskararekiko kezka eta interesa
Idazle eta irakasle emankorra zen oso, bai bakarkako lanean eta bai berak bultzatutako lantalde ugarietan: ekoizpen nabarmenen artean, aipatzekoa da berak sortutako International Journal of the Sociology of Language aldizkaria, jadanik 35 urte dituena (berau delarik hasieratik arduradun), eta, egile edo bildumagile gisa argitara eman zituen dozenaka libururen artean, honako hauek: Language Loyalty in the United States (1966), Bilingualism in the Barrio (1968), Language & Nationalism: two integrative essays (1972), The Rise and Fall of the Ethnic Revival (1985), Reversing Language Shift: Theory and Practice of Assistance to Threatened Languages (1991), In Praise of the Beloved Language; The Content of Positive Ethnolinguistic Consciousness (1997) eta DO NOT Leave Your Language Alone: The Hidden Status Agendas Within Corpus Planning in Language Policy (2006). Liburuez gain, artikulu ugari ere eman zituen argitara.
Txikitatik, etxetik, hiztun-elkarte txiki bateko (yiddish hizkuntzaren) hiztuna izanik, hizkuntza horren gainbeherakada eta bizirik irauteko arazoak hobeto ulertzeko, beste hainbat hiztun-elkarte ahul edo txikiren egoera aztertu zuen mundu osoan.
Hizkuntza horietako bat euskara izan zen: horrela, Euskal herriarekin hainbat harreman izan zituen, lehen bisitak 1980ko hamarkadan eginez. Ikastaroak eta hitzaldiak eman zituen gurean: Hizkuntza-plangintzazko jardunaldian, Euskal Mundu Biltzarrean, Euskal Eskola Publikoaren lehen kongresuan... Eta euskararen egoerak isla izan zuen bere hainbat liburutan, bereziki arestian aipatutako Reversing Language Shift... liburuan, non frisierari eta euskarari kapitulu osoa eskainia zien.
Hizkuntza-soziologiaren sortzaileetariko bat
Jaso zituen sari ugarien artean bereziki seinalatzekoa da, agian, UNESCOk 2004 urtean emana dion Linguapax saria. Honela aurkezten du Linguapaxek:
“Hogeigarren mendearen bigarren erdian munduko soziolinguistarik trebeentzat jotzen du askok. Are, diziplina horren sortzaileetariko bat dela esan daiteke. Bere karrera akademikoa, irakasle, ikertzaile eta teoriko gisa, luzea eta ohorez betea da. [...] Bere karrera luzean zehar ahuldutako hizkuntzei kasu berezia egin die. Hizkuntza-aniztasunaren alde lan egiten dutenek seguru asko gogora ekarriko dituzte, beste ezer baino lehen, honako bi lan bidegile: Reversing Language Shift eta Can Threatened Languages Be Saved?, 1991n eta 2001ean argitara emanda, ondoz ondo. Liburu hauetan aurkezten digu Belaun Arteko Etenaren Neurria (ingelesezko akronimoz: GIDS eskala): horren bidez mintzaldatzea neur daiteke”.
Honela azaltzen zuen Fishmanek berak, azkenik, bere burua: “Sinestezinezko suertea izan dut. Iturri askotatik edateko aukera eskaini izan zait: eskueran izan ditut mendebaleko pentsamendu modernoa eta pentsaera judua, modernoa zein klasikoa; eskueran izan ditut horiek guztiak balore eta sinesmen, ideal laiko eta erlijioso, enfasi teoriko eta aplikatuekin batera; gustura sentitu naiz eremu zabaleko hizkuntza baten (ingelesaren) erosotasunean eta nire etxeko eta lagunarteko herri-hizkuntzan (yiddishean); eskueran izan ditut zientziaren mugarik gabeko mundua, nire arbasoen betiereko lurraldea eta nire gurasoak nerabezaroan etorkin gisa etorri ziren demokraziaren, aukeren eta aniztasunaren mundu berria. Saiatu naiz eragin hauek guztiak taxuz neureganatzen eta, ordainetan, ingurukoei nire ekarpena eskaintzen. Eragin horiek nigan pizturiko tentsio-giroak eta sormenak ondasun paregabekoa osatzen dutela uste dut zinez.”