Gaur, urtarrilaren 16an, Euskarazko Tesien IV. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak. Sariok bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientziak; Ingeniaritza eta Arkitektura; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; eta Artea eta Giza Zientziak. Hurrenez hurren, hauek izan dira sarituak: Ostaizka Aizpurua, Igor Ayesta, Oihane Jaka, Urtzi Ruiz de Azua eta Ibon Egaña.
Sariak antolatzen dituzten bi erakundeen izenean, honako hauek mintzatu dira gaur, Euskaltzaindiaren egoitzan egin den ekitaldian: Andres Urrutia euskaltzainburua, Adolfo Arejita Iker sailburua, Iñaki Goirizelaia errektorea eta Jon Zarate Euskararen arloko errektoreordea.
Ikerketaren garrantzia
Euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak 2008an sortu zituzten Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Sariak. Bi urterik behin deitzen dira.
Hain zuzen ere, ikerketa, euskarazko ikerketa, izan da gaur aipatu den kontzeptu nagusia: "Ikerketa -azpimarratu du Adolfo Arejitak bere mintzaldian- dugu gurea legezko herri tipi batentzat behintasuna eman beharreko lan-ildoa. Ikerketa Unibertsitateetan, ikerketa Akademian eta kultura erakundeetan, ikerketa enpresa-lantegietan. Ikerketa, edozein-ere lan jardunetan. Geure ahaleginari irabazi eta etekin handiagoa ateratzeko. Pelotoiaren aitzin aldean joateko. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak, Euskararen Akademiak, euskal hizkuntzaren aintzinamendurako erkidegoan eratzen ditugun Koldo Mitxelena Sariak helburu horri bide ematera zuzenduriko egitasmoak dira".
Ikerketa ere izan du aipagai Andres Urrutiak. Irabazleak zoriondu, eta halaxe esan die: “Euskaltzaindiaren lanak oso-osorik aintzat hartu dituzue, zuen eremuko gaiak euskaraz ikertu egin dituzuelako eta gero gai horiek gizartean isla izango dutelako, hau da, euskara jagon egin duzuelako, tresna zientifiko eta akademiko gisa hartuz eta zabalduz. Horrek -gaineratu du- beste behin ere, erakusten ditu bi-bitariko ardatzak: lehena, euskarazko ikerketaren premia, eta bigarrena, ikerketa horren emaitzak gizarteratu beharra".
Eta ikerketa egiten duten pertsonak izan ditu gogoan Iñaki Goirizelaiak: “Gure hizkuntzak terminologia zientifikoa, bibliografia, material didaktikoa eta, batez ere, euskara lanean erabiliko duten ikertzaileak behar ditu, eta UPV/EHUk gogotik egin du lan arlo horietan guztietan”, esan du.
Jon Zarate Euskararen alorreko errektoreordeak ere bat egin du berak baino lehen hitz egin dutenekin, eta gaur sarituak izan diren tesiak argitaratzeko lanean ari direla azpimarratu du.
Saritutako tesiak
- 1. Zientziak:
Egilea: Ostaizka Aizpurua Arrieta
Tesia: "Myotis capaccinii saguzar hatz-luze arrantzalea: aldaketa trofikorako gako ekologikoak, sentsorialak eta jokabidezkoak" - 2. Ingeniaritza eta Arkitektura:
Egilea: Igor Ayesta Ereño
Tesia: "Polimerozko zuntz optiko aktiboen ikerkuntza, laser eta anplifikagailu gisako funtzionamendua hobetzeko" - 3. Osasun Zientziak:
Egilea: Oihane Jaka Irizar
Tesia: "LGMD2A gerrietako muskulu-distrofiaren adierazpen-analisiaren aplikazioa gaixotasunaren diagnostikoan, eta sagu-ereduan eta giza eredu zelularretan oinarritutako karakterizazio fisiopatologikoan" - 4. Gizarte eta Lege Zientziak:
Egilea: Urtzi Ruiz de Azua Ormaza
Tesia: "DBHko ikasleen euskararekiko jarrera linguistikoak, motibazioa eta errendimendu akademikoa" - 5. Artea eta Giza Zientziak:
Egilea: Ibon Egaña Etxeberria
Tesia: "Kritikarako hurbilketa literaturaren soziologiatik. Egunkari eta aldizkarietako euskal literatur kritikaren analisia (1975-2005)"