Datorren ostiralean, abenduaren 19an, Joan Martí i Castell ohorezko euskaltzainak Akademiaren ikurra eta diploma jasoko ditu. Eguerdiko 12:30ean izango da, Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean.
Lehenago, goizeko 10:00etan, Osoko bilkura egingo du Euskaltzaindiak Donostian; hortaz, euskaltzainak ekitaldian izango dira.
2014ko maiatzaren 30ean, Euskaltzaindiak Donostian egin zuen osoko bilkuran, 12 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen: Paulo Agirrebaltzategi, Angel Aintziburu, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Xipri Arbelbide, Antonio Campos, Maite Idirin, Mixel Itzaina, Jon Landaburu, Joan Martí, Martin Orbe eta Manu Ruiz Urrestarazu.
Guztiek jaso zuten diploma uztailaren 18an, Bilbon eginiko ekitaldian. Guztiek, Joan Martík izan ezik, orduko hartan ez zuen-eta etortzerik izan. Ostiralean, beraz, jasoko ditu dagozkion diploma eta ikurra. Bestalde, Institut d'Estudis Catalans-i buruzko mintzaldia emango du Martík.
Joan Martí
Tarragonan (Katalunia) jaio zen, 1945ean. Bartzelonako Unibertsitateko eta Erromako La Sapienzako Unibertsitateko doktorea (Filologia Erromanikoan eta Lingue e Letterature Staniere-an, hurrenez hurren). Hizkuntzalaritza Diakronikoan, Hizkuntzen Historia Sozialean eta Soziolinguistikan eta Lexikografian aditua.
Tarragonako Rovira i Virgili Unibertsitatearen sortzaile, bertako lehen errektorea izan zen, eta baita Filologia Katalanaren saileko zuzendaria ere. Kataluniako eta Italiako beste hainbat unibertsitatetan ere irakasle aritu da.
Institut d'Estudis Catalans-eko kide osoa da, eta 2002tik 2010era bertako Secció Filològicako burua izan zen. 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu, katalan hizkuntzaren historia, gramatika eta erabilerari buruz, eta baita artikulu ugari ere. Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburua katalanera itzuli du (2013ko abenduan, Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak aurkeztua).
Hainbat sari jaso du, besteren artean Tarragona Hiriko domina, eta hiri bereko Rovira i Virgili Unibertsitatearena ere.
Hau izango da ostiraleko egitaraua:
- Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
- Joan Martí i Castell-en mintzaldia
- Ohorezko euskaltzain berriari domina eta diploma ematea