Datorren ostegunean, abenduaren 11n, Euskera agerkariaren zenbaki berriak aurkeztuko ditu Euskaltzaindiak. Baionan egingo du, Akademiaren ordezkaritzan, goizeko 11:00etan. Aurkezpena Xarles Videgain Euskaltzaindiaren buruordeak eta Jean-Baptiste “Battittu” Coyos Jagon sailburuak egingo dute.
Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala da. 2014an, bi zenbaki argitaratu dira: batean 2013. urteko Akademiaren lanak eta bizitza akademikoa bildu dira, eta bestean, aldiz, ikerketa-lanak eta ekarpen teorikoak nahiz praktikoak jaso dira. Hala, bada, ostegunean bi liburuki hauek aurkeztuko dira: Euskera 2013, 58-1 eta Euskera 2013, 58-2.
Euskera 2013, 58-1 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak ageri dira: Iruñean egin ziren Jagon Jardunaldiak edota urte horren Osoko bilkuretako aktak.
Euskera 2013, 58-2 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Eusebio Maria Azkueren omenez egin zen jardunaldia eta Euskal Literaturaren Historiografiari buruzko II. Jardunaldia.