Datorren ostegunean, azaroaren 27an, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskaltzaindiak aurtengo irailean sinatu zuten hitzarmena berretsiko dute. Hitzarmen horretan, Foru Aldundiak Euskaltzaindiari beste 30 urterako laga zion Bilboko Plaza Barriko egoitza. Irailaren 11n, Bizkaiko Foru Jauregian egin zen ekitaldian, Diputazioak Akademiari plaka bat eman zion, unearen oroigarri. Plaka hori bistaratuko da bihar, Euskaltzaindiaren egoitzan, goizeko 10:15ean.
Plakak honela dio: "Oguetalau guizon bear dira icentau Guernicaco batzarrean eguiteco alegiña an euskeraren ganean. Jose Pablo Ulibarri Galindez, 1832, Done Peru egunean".
Ekitaldian Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Josune Ariztondo Kultura diputatua izango dira, Aldundiaren izenean. Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana idazkaria eta Adolfo Arejita Iker sailburua.