Datorren astelehenean, abenduaren 1ean, goizeko 11:00etan, Resurreccion Maria Azkueren lan argitaratuak digitalizatzeko egitasmoaren nondik norakoa aurkeztuko da Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian. Euskaltzaindiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmen bati esker gauzatuko da eta 2015era arte luzatuko da proiektua. Jakin taldeak garatuko du. Azkue lehen euskaltzainburua izan zen.
Aurkezpena hauek egingo dute: Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Joan Mari Torrealdai euskaltzain oso eta Jakin Taldeko kideak.
Azkue Lekeition jaio zen, 1864an; eta Bilbon hil, 1951n. Alor ugari jorratu zuen bere bizitzan: euskaltzainburua izan zen, idazlea, literaturgilea, kazetaria, musikagilea eta musika biltzailea, hiztegigilea, hizlaria, irakaslea, folklorista, herri literaturaren biltzailea, hizkuntzalaria, euskalaria, euskaltzalea...
Kazetari gisa idatzi zituen 276 artikuluez gainera, 77 liburu burutu zituen Horietako lau lirateke nagusi eta enblematikoak: Diccionario vasco-español-francés (Hiztegia), Cancionero popular vasco (Kantutegia), Morfología vasca eta Euskalerriaren yakintza.