"Nafarroako historia hurbilean (azken lau hamarkadetan, 1970etik 2012ra) euskararen belaunez belauneko jarraipena nola gauzatu den eta egungo haur nafarrak zer egoeratan bilakatzen diren euskaldun argitzea". Horixe du xede Paula Kasaresen Euskaldun hazi Nafarroan. Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa familia euskaldunetan liburuak. Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren barruan argitaratu da, Soziolinguistika Klusterraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gaur, azaroaren 20an, aurkeztu da Iruñean.
Liburuak Kasaresek 2013an Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) aurkeztu zuen doktore tesia biltzen du. Egilea Baztango Udaleko euskara teknikari, NUPeko irakasle eta euskaltzain urgazlea da.
Berak aurkeztu du gaur bere lana, eta Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria eta Patxi Salaberri NUPeko irakasle-katedradun eta euskaltzain osoa, eta tesiaren zuzendaria, izan ditu ondoan. Salaberriren hitzetan, “oinarri zientifiko zindoan finkatutako lan ederra egin du Paulak, metodologia egoki batekin burutua, euskararen sozializazioaren ingurukoak hobeki ezagutzeko aukera ematen diguna, eta hau baitezpadakoa da gure hizkuntza aurrera atera dadin nahi badugu”.
Andres Iñigok gogorarazi duenez, 2013an Euskaltzaindiak Iruñean egin zuen XVIII. Jagon Jardunaldian, Kasaresek hartu zuen parte eta gai bera jorratu zuen “Euskaraz hazi egungo Nafarroan” hitzaldian. Hala bada, gaineratu duenez, “lan honek bete-betean harrapatzen ditu Euskaltzaindiaren Jagon Sailak bere-bereak dituen helburu nagusiak, alegia, euskararen jagotea, sustatzea, hedatzea eta bizirik irauteko beharrezko duen transmisioa bermatzea. Horregatik, Akademiaren Jagon Sailak interes handiarekin jarraitu du lan honen prozesua beronen berri izan zuenetik”.
Hizkuntza-sozializazioa: prozesu orohartzailea, dinamikoa, elkarreragilea, malgua
Paula Kasaresek azaldu bezala, Euskaldun hazi Nafarroan lanean euskararen belaunez belauneko segida eta hizkuntza sozializazioa kualitatiboki ikertu du.
Lanak bi kasu aztertzen ditu: bata Nafarroako Mendialdean, Irurita (Baztan) eta bestea Iruñea; eta bi belaunaldi hartu dira, 1970eko hamarraldian haziak eta haien seme-alabak, 2000tik aitzina sortuak. Egileak adierazi duenez, "argitalpenak, Nafarroako bi gizataldetan euskararen belaunez belauneko jarraipena kaskaildurik edo ia etenik egonda mintzairaren segida berrestekatzeko eta umeak euskaldun hazteko familien bizipenak izan ditu oinarri".
Bi kasuok, Iruritakoa eta Iruñekoa, hizpide izan ditu Patxi Salaberrik gaurko agerraldian: “Pozgarria da ikustea nola arriskutan egon den Iruritako euskara, diktaduraren garaian gibelka joan zena, gero, euskara eskolan sartzearekin, berriz ere aitzina joan den, nola —eta hau zinez ekarpen polita eta bihotz-emangarria da— euskara eskolatzearekin galdu eta etxean erdara sartu zuten haur haien ondorengoek, oraingo haurrek, eskolatzearekin euskara irabazi eta atzera etxean sartu dute. Iruñeko egoera -gaineratu du- latzagoa da: euskarari kostatzen ari zaio gizarte presentzia behar bezalakoa izatea, eta honek eragin zuzena du ikastoletako eta euskarazko eredua duten eskoletako haurren hizkeran, euskara ikastetxeko gauzatako baitakusate ikasleek, ez karrikan erabili beharreko zerbaitetako”.
Izan ere, hizkuntza sozializazioa da gakoetako bat. Eta hala azpimarratu du Paula Kasaresek: "Nafarroako euskararen belaunez belauneko jarraipenak hiztunen hizkuntza sozializazio prozesua izan du euskarri. Hizkuntza-sozializazioak hiztunen bizialdi osoa, ez haurtzaroa soilik, hartzen du; prozesu orohartzaile edo holistikoa da, familiara mugatzen ez dena; dinamikoa, eragingarri askotakoa eta baldintza soziohistorikoei lotua, ez mekanikoa; elkarreragilea, ez noranzko bakarrekoa; malgua eta denboran aldakorra, ez beti-batekoa".
Gizarte-aukera egokiak
Beste hainbat ondorio atera du Paula Kasaresek. Besteak beste:
- "Nafarroako euskararen historia hurbila ez da lineala edo etengabea; aitzitik, hizkuntzaren galtze eta berreskuratzea gertatu da, mintzairaren belaunez belauneko segidak hausturak nahiz estekadurak izan ditu, eta jarraipenarekin batera etena ere ageri da.
- Nafarroako euskararen historia hurbilean hizkuntzaren jarraipena hiztunen atxikimenduek eta hautu-erabakiek ahalbidetu dute. Izan ere, euskarak ez dirau Nafarroan guraso euskaldunek beti ume euskaldunak hazi dituztelakoz, hainbat nafarrek euskararen aldeko atxikimendu eta hautuak egin dituztelakoz baizik.
- Hiztunak euskararen jarraipenaren eraldatzaileak izan daitezke eta haurrak, hizkuntzaren segidan jasotzaile hutsak baino gehiago, eragile aktiboak eta hizkuntzaren historiaren eratzaileak dira. Beraz, egun Nafarroan euskaldun izatea hautua da. Aukera hori hiztunek berek egiten dute mintzairarekin eratzen dituzten atxikiduren bidez.
- Euskarak iraun dezan belaunaldi bakoitzak mintzaira beretakotu behar du eta horretarako gizarte-aukera egokiak baitezpadako ditu".
Liburua eskuratzeko sakatu hemen.